Korrika batzordearen lehen deialdiak izango dira bihar eta ostegunean, bailaran

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 17a, 00:00

2019ko korrika txikia, Astigarragako kaleetatik barrena.

22. Korrikako ekimenak aurrera atera ahal izateko, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da. Horretarako, bilerak antolatu dituzte. Astigarragan bihar izango da, 19:00etan, kultur etxe zaharrean; Hernanin, ostegunean, AEKn. 

Joan den urtean, osasun egoera medio, ezinezkoa izan zen euskaldunentzat hain berezia den Korrika ospatzea. Edonola ere,  itxaronaldi luze baten ostean, aurten, ekimenaz gozatzeko aukera izango da. Azaroan aurkeztu zuten edizioa Donostiako San Telmo museoan, eta, jakinarazi zutenez, 22. Korrikak Amurrio eta Donostia lotuko ditu, 11 egunez, «euskera hitzetik ekintzara eramateko». Martxoaren 31n ekingo dio ibilbideari, eta apirilaren 10ean helduko da Donostiara.

 

Parte hartzeko deia

Hori guztia posible izan dadin, ordea, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa dela adierazi dute arduradunek; «helburuak bete daitezen, guztion ekarpena beharrezkoa da». Horregatik, Korrika batzordearen lehenengo deialdiak izango dira aste honetan. Astigartarrek bihar dute hitzordua, kultur etxe zaharrean, arratsaldeko 19:00etan. Hernanin, berriz, ostegunean izango da, AEKn, ordu berean. «Parte hartzeko moduak askotarikoak dira. Eta, parte hartzeko asmotan bazabiltza, gurekin bat egin dezazun eskatzera gatozkizu», luzatu dute AEK-ko kideek.

 

Informazioa, proposamenak eta arduren-banaketa

Batzordean, 22. Korrikaren nondik norakoak azalduko dituzte eta, horrez gain, diote, «norberaren herrian egingo direnak ezagutzeko aukera ere izango da». Gainera, nahi izanez gero, proposamenak egiteko tartea ere egongo dela aurreratu dute. Era berean, bilera horretan, herrian egin beharreko lanak zerrendatuko eta banatuko dituzte.

Konpromisorik gabe bertaratzeko eskatu dute AEK-ko ordezkariek: «jakin badakigu denok ez ditugula aukera berberak ekarpenak egiteko, eta, horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezten eskatu nahi dizuegu. Bertan entzundakoarekin erabakiko duzu, gero, zeure ekarpena zein izan daitekeen; eta, inolako aukerarik izango ez bazenu ere, gure nahia da Korrika geure herrian izango dela ezagut eta zabal dezazun»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!