«Urumean utzikeria haundia dago, eta inork ez du bere gain hartu nahi»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 16a, 00:00
Urumea ibaia tramankuluz betea. Argazkia: Eguzki Talde Ekologista

Eguzki Talde Ekologistak salatu du «Urumea ibaiko zabortegia inkonpetentzia» dela.

Eguzki Talde Ekologistak salatu berri du Urumea ibaiaren ur azpian dagoen «zabortegiak» agerian utzi duela «instituzioen arduragabekeria errioarekiko». Hain justu, azken asteotan makina bat tramankulu azaldu dira ibaian, aditzera eman dutenez, eta egoera horrek talde ekologistaren haserrea piztu du. 

Instituzioen akordio falta
«Irudiak hain argiak dira, ezen instituzioak erreakzionatu beharrean aurkitu diren», azaldu dute Eguzki taldekoek. «Erreakzionatu dute baloiak kanpora botatzen edo, hobeto esanda, patata beroa elkarri pasatzen», salatu dute. «Donostiako Udalak esan du ardura URArena dela; URAk, berriz, Udalari dagokiola adierazi du; Kosta Zerbitzuak, azkenik, momentuz ez du ezer esan, Madrilek zer aginduko zain».  

Horrekin batera, hauxe gehitu dute: «Udalak, baloiak kanpora bota nahian zebilela, hara non espresuki aitortu duen urteak daramatzala Urumea ibaia garbitu gabe. Are gehiago, garbiketa bideratzeko hitzarmenik ere ez duela bilatu. Baina, Urumea ibaia ez al da Donostia?».

Auziaren aurrean, eskumen eztabaida horretan sartuko ez direla aurreratu dute. «Izan ere, Urumea ibaiko urpeko zabortegia ez da konpetentzia kontua, inkonpetentzia kontua baizik».     
Edonola ere, diote «onartezina» dela «eskumen kontuen atzean ezkutatzea». Izan ere, beraien esanetan, Udaleko teknikariek ere «aspalditik» zuten arazoaren berri. «Hondakin gehienak hor zeuden azken uholdeak izan aurretik, baina ez dute ezer egin».

Horrenbestez, bertan pilatutako hondakinak «lehenbailehen» ateratzeko eskatu dute. Eta, hori ez ezik, zaintza eta bestelako neurriak zorrozteko eskaera egin dute, «herritarren praktika txarrak eragozteko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!