Aloña Mendi hartuko dute Hernaniko mutilek gaur, Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 15a, 00:00

Abenduaren 4an jokatu zuen Hernaniko mutilek azkenekoz, Elgoibarren kontra.

Etxetik kanpo ariko dira Hernaniko neskak eta Mundarroko bi talde nagusiak, asteburu honetan.

Ia hilabete eta erdi da, Hernaniko mutilek azkeneko aldiz Zubipen jokatu zutenetik, Ohorezko Erregional Mailan. Abenduaren 4an izan zen hori, eta Elgoibar liderraren kontra berdindu zuten berdeek, partidu ikusgarri­an. Euri asko egin du ordutik, gaztelaniazko esaerak ezin egokiago deskribatuko lukeen bezala; eta uholdeek eta Gabonetako etenaldiak eraginda, sei aste beranduago jokatuko du mutilen taldeak etxean, berriro. Aloña Mendi hartuko du, gaur arratsaldeko 16:00etan hasita.

Ez du kontrario erraza izango, baina herriko zaleen babesa lagun, garaipena nahi du, aurreko asteko kolpeari buelta eman eta goiko postuetara gerturatzen hasteko, aurreneko itzulia bukatzear denean.

Helburu berarekin joango da Hernaniko nesken taldea, Ohorezko Erregionalean, bihar arratsaldean Lesakara. 16:30etan hasita Mastegin, Beti Gaz­te izango dute aurrez aurre, kontrario zuzena: sailkapenean laugarren dago talde lesakarra, 28 punturekin; eta bosgarren Hernani, 26 punturekin, partidu bat gutxiago jokatuta. Aurreko asteburuko garaipen erosoaren ondoren, beste hiru puntu lortuta bueltatu nahi dute.

Eta etxetik kanpo ariko dira Mundarroren bi talde nagusiak, Erregional Preferentean. Igoera faseko bigarren partidua jokatuko dute neskek, Oiartzunen, gaur arratsaldeko 17:45etan. Estreinako partiduan garaipen garrantzitsua lortu ondoren, bide beretik jarraitu nahi dute, igoeraren ametsari eusteko, baina kontrario indartsua izango dute aurrean, Karla Lekuona zelaian.

Mundarroko mutilak, berriz, Lasarte-Orian ariko dira, Ostadarren kontra, gaur arratsaldeko 17:30etan. Elkarren segidan daude bi taldeak sailkapenean, eta garaipena nahi dute moreek, aurrea hartu eta laugarren  postura igotzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!