Lehen Hezkuntzara arte Astigarragako Herri Eskola da ikasle gehien dituena bailaran

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 15a, 00:00
Elizatxo ikastolan 416 ikaslek hasi zuten ikasturtea pasa den irailean.

Gaur egungo datuei erreparatuz, 2.271 ikasle daude Hernanin eta Ereñotzun, Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Astigarragan, aldiz, 676 ikasle daude Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.

Astelehen honetan hasiera emango diote EAEn 2022-2023 ikasturteko aurrematrikulazi­o kanpainari. Aurrematrikula egin ahal izango dute urtarrilaren 17tik 28ra bitartean Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleek; hau da, 2 eta 16 urte bitartekoek. Nafarroan oraindik ez dute egutegia argitaratu. Pasa den urtean telematikoki ireki zen inoiz baino beranduago, martxoa aldera, eta aurten ere badirudi atzeratu egingo dela.

Urumea bailarara etorrita, ikasleek ez dute toki falta izango, ikastetxeek besoak zabalik hartuko dituzte izena ematen duten herritar guztiei.

 

Astigarragako Herri Eskola etengabe hazten ari da

Pasa den ikasturtean Astigarragako Herri Eskolan 660 ikasle zeuden. Aurten, berriz, kopurua haunditu da eta guztira 676 herritarrek ikasten dute bertan.  Beraz, 16 ikasle gehiago daude 2021-2022 ikasturtean aurrekoan baino. Jaiotze tasa altuagoa izan zen eta, ondorioz, ikasle gehiagok egin zuten matrikulazioa Astigarragako eskolan.

Gainera aipagarria da lehenengo aldiz Astigarragako eskola dela bailaran ikasle gehien dituena. 676rekin Langile Ikastola gainditu du bi ikasle gehiagorekin. Hernaniko BHIn ikasle gehiago dago guztira, 817, baina DBHn 572 daude eta aurrematrikula DBHn sartzeko da.

Astigarragako Herri Eskolan zehatzak izateko, 297 ikasle daude gaur egun Haur Hezkuntzan eta 379, berriz, Lehen Hezkuntzan. 2 urtekoen gelan 64 ikasle daude; 3 urteko gelan, berriz, 66; 4 urtekoenean 88 ume daude; eta, azkenik, 5 urtekoen gelan 79 ikasle daude. Lehen Hezkuntzari dagokionez, lehenengo mailatik seigarrenera, hurrenez hurren,  hauxe da ikasle kopurua: 68, 66, 63, 67, 54, 61.

Datuak onak dira, baina Haur Hezkuntzan pasa den ikasturtean baino zazpi ikasle gutxiago daude eta tendentzia aldatu daiteke.

Pasa den urtean baino 86 ikasle gutxiago daude  Hernanin eta Ereñotzun

Hernanin eta Ereñotzun ez da toki arazorik izango Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleen aurrematrikulazioa egiteko. Izan ere, Hernanin bertan, 3 ikastetxe publiko daude Haur eta Lehen Hezkuntzarako: Elizatxo, Langile eta Urumea. Halaber, DBH egiteko, Hernani BHI Institutua daukate aukera. Bere aldetik, ikastetxe kontzertatua ere badago, ikasturte honetan izena aldatu duena: Aratz Ikastetxea. Aukera zabala dute bertan, Haur Hezkuntzatik hasita DBHra arteko eskaintzarekin.

Hori horrela, denera 2.271 ikasle daude gaur egun Hernanin, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, pasa den ikasturtean baino 86 ikasle gutxiago. Banaketa eginez gero, datuak hauexek dira: HHn 620 ume daude; LHn,  1.079: eta DBHn, berriz, denera 572 ikasle daude. Gainera, pasa den ikasturteko kopuruekin alderatuta, aurtengoan ikasle gehiago daude Haur Hezkuntzan (17) eta gutxiago, berriz, DBHn eta LHn: 96  eta 7, hurrenez hurren.

Ikastetxeei dagokionez. Elizatxon guztira 416 ikasle daude, 149 Haur Hezkuntzan eta 265 Lehen Hezkuntzan. Urumea Ikastolan 362 ikasle dituzte, 115 Haur hezkuntzan eta 247 Lehen Hezkuntzan. Langile Ikastolan 674 ikaslek ikasten dute, 258k Haur Hezkuntzan eta 416k Lehen Hezkuntzan. Aratzek 180 ikasle ditu. Ereñotzuko Txirrita Ikastetxean gaur egun 18 ume daude Haur Hezkuntzan eta beste 49 Lehen Hezkuntzan. Guztira 67 ikasle. Pasa den urtean baino bost gutxiago. 

 

Goizuetako Xalto eskolan 80 ikasle, pasa den urtean bezala

Goizuetako Xalton 80 haurrek eta gazteek ikasten dute bertan: 3 urtekoen gelan, 6 ikasle dira; 4 urtekoenean, 7; 5 urtekoenean, 9; LH1en, 6; LH2n, 5; LH3n, 10; LH4n, 7; LH5en, 8; LH6n, 8; DBHko aurreneko mailan 6 ikasle daude eta bigarrenean, beste 8.

 

 

Aurrematrikulazioa etzi hasiko da ikastetxeetan

 

Urtarrilaren 28ra arte iraungo du Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroako Gobernuak oraindik ez du berri eman.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2022-2023 aurrematrikulazio kanpaina etzi hasiko da Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat. Eusko Jaurlaritzak adierazi du aurrematrikulazio epea izango dela urtarrilaren 17tik 28ra bitartean; alegia, guztira 11 egun izango dituzte herritarrek eskaera egiteko. Bestalde, Nafarroako Gobernuak oraindik ez du argitaratu egutegi ofiziala. Pasa den urtean telematikoki egin zen martxoa inguruan eta aurten ikastetxeek oraindik ez dute berririk jaso.

Urumea bailarako ikastetxeetan prest eta go­gotsu daude ikasle berriei harrera egiteko. Aukera dago izena emateko Astigarragako Herri Eskolan, eta Hernaniko Urumean, Langilen, Elizatxon, Aratzen, Ereñotzuko Txirrita Eskolan eta Hernaniko Institutuan. Goizuetar eta aranoarrek, aldiz, Goizuetako Xalto eskola dute gertuen, eta, aipatu moduan, aurrematrikulazioa egiteko epea beranduxeago zabalduko zaie horiei.

 

Aurrez aurre edo online egin daiteke aurrematrikulazioa

EAEko ikastetxeetan astelehenean hasiko dute aurrematrikulazio kanpaina. Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko webgunean (https://www.euskadi.eus/onarpena-haur-lehen-eta-derrigorrezko-bigarren-hezkuntza/web01-a2hikast/eu/) dago informazio guztia eskuragai, eta nahi duenak bertan aurki ditzake jarraitu beharreko pauso guztiak, aurkeztu behar duten dokumentazioa, eta abar.

Hori horrela, bi modu izango dira eskaera egiteko: internet bidezkoa, eta aurrez aurrekoa. Eskaera online egitea hautatzen dutenek, eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea urtarrilaren 17tik 28ko 24:00etara arte izango dute. Aurrez aurreko eskaerei dagokienez, urtarrilaren 17tik 28ra izango dira, baita ere. Aukeratutako lehenengo ikastetxeko idazkaritzan utzi beharko dute, hark zehaztutako ordutegian.

Horrez gain, eskatzaileek aurkeztu behar duten eskaera orrian adierazi beharko dute zein den hautatutako eskolen hurrenkera. Izan ere, eskaera bakarra aurkeztu behar bada ere, 12 ikastetxera arte aukeratu daitezke. Hori eginez gero, ikasleari ikastetxe bat esleituko diote hark paperean ezarri duen lehentasunaren arabera.

Hori guztia egiten denean, Hezkuntza sailak otsailaren 15ean argitaratuko du eskatzaileen zerrenda, eta behin-behinekoa martxoaren 8tik 15era publikatuko dute. Eskuragarri egongo dira eskaera egindako ikastetxe bakoitzean eta Familien gunean https://ikasgunea.euskadi.eus/eu/inicio. Gero, zerrendak argitaratzean erreklamazioak egin nahi badira, martxoaren 15era arte egongo da zabalik horretarako epea. Gainera, eskabidean atzera egin nahi dutenek ere egun hori izango dute epemuga. Aste bat beranduago ezagutuko dira behin-betiko zerrendak, martxoaren 22tik apirilaren 22ra. Eta, azkenik, lurralde-ordezkariek esleitutako plazen zerrendak martxoaren 29an argitaratuko dira. Horrekin batera, ikasleren batek berak hautatutako ikastetxeetan sartzeko zortea izan ez badu, irailaren 16ra arte edukiko du ikasle izateko aukera, itxarote-zerrendaren iraunaldia egun horretara arte egongo delako zabalik.

 

Aurkeztu beharreko dokumentuak

Eskaerarekin batera hainbat dokumentu aurkeztu beharko dituzte aurrematrikula egiten dutenek, nahitaez. Hori guztia aurrematrikulazio epearen barruan aurkeztu beharko da bai online egitea erabakitzen bada, bai aurrez aurre egingo bada; bestelakoan, aurrerago aurkezten saiatzen denari ez diote onartuko, eta eskaera osatu gabe geratuko da.

Aipatu moduan, Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko webgunean daude zehaztuta, baina, besteak beste, hauexek dira: familia-liburuan ikaslea azaltzen den orriaren fotokopia edo beste egiaztagiri ofiziala; familia-liburuan aita/ama azaltzen den orriaren fotokopia edo lege-tutorea izatearen ziurtagiria; familia banandua edo dibortziatua izatekotan, berezko protokoloa bete izanaren agiria: ezkontide ohiaren baimen-idazkia, ebazpen judiziala edo behin-behineko neurria, eta abar;  eta EAEtik kanpo ikasten duten ikasleen kasuan, egindako ikasketen ziurtagiria. 

 

2 eta 16 urteko ikasleentzat

Etzi hasiko da aurrematrikulazioa, eta urtarrilaren 28an amaituko da. Haur, Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago; alegia, 2 urtekoen maila eta DBHko laugarren maila artekoei edo, beste modu batera esanda, 2 eta 16 urte arteko ikasleentzat, hain zuzen. Hala ere, horrek ez du esan nahi dagoeneko matrikulatuta daudenek eta hizkuntza-eredu berean jarraituko dutenek eskaera aurkeztu behar dutenik. Izan ere, ikasle horien jarraipena bermatuta egongo da, baldin eta ikastetxe horretan hurrengo maila ematen bada.

Beraz, kasu horietan, ez da beharrezkoa aipatutako prozesua jarraitzea. Hala ere, ikasle bat dagoeneko ikastetxe bateko urtebeteko gelan badago, ikastetxe berean bi urteko mailan ezingo du jarraitu, eskaera aurkezten ez badu; zeren eta onarpen prozesuan parte hartu behar baitu eta dagokion eskaera aurkeztu.

Horrekin batera, DBH egiteko aukerarik ez dagoen ikastetxe batean Lehen Hezkuntzako seigarren maila egiten ari diren ikasleek ez dute eskaerarik aurkeztu behar. Edonola ere, eskaera aurkeztu beharko dute hizkuntza-eredua aldatu nahi badute, edo institutu bat baino gehiago atxikitu direla eta, bat aukeratu behar bada. Halaber, atxikitakoaz bestelako ikastetxe bat eskatzeko edo Lehen Hezkuntzako seigarren mailatik DBHko lehenengo mailara igarotzean eredua aldatzeko onarpen-prozesuan parte har dezake ikasle batek, azken kasu horretan ikastetxe atxikia izan ala ez.

Esleipenari dagokionean, ez dago ziurtatuta plaza bat esleituko zaiola eskaera egiten duen orori. Hain justu, plaza bat esleituko da baldin eta ikaslearen eskaeretako batean, gutxienez, plaza gehiago badaude bere puntuazio bera duten eskari kopurua baino. Gainera, 2 urteko mailan plazarik gabe geratzen direnek, aurrematrikulazio epea bukatuta plaza erabilgarriak dituzten ikastetxeek ikasturtea hasi arte jaso dituzten edo jasotzen ari diren eskaerei erantzun ahal izango diete.  Era berean, gaur egun ikastetxe batean matrikulatuta ez badago, Lurralde Ordezkaritzak plaza bat esleituko dio plaza ofizioz.  Azkenik, beste edozein kontsulta egiteko harremanetan jarri daiteke Gipuzkoako Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzarekin 943 02 28 50 telefono zenbakira deituta edo huisgreg@euskadi.eus helbide elektronikora idatzita.

 

Bekak eta laguntzak

Hezkuntza Saileko webgunean aurki daiteke ikasle batek jaso ditzakeen beken eta laguntzen gaineko informazio guztia. Hain justu, irakaskuntza doakoa bada ere, testu liburuak, jangela zerbitzua eta eskola materiala ordaindu egin behar dira. Hortaz, familiei gastu horiek ordaintzen laguntzeko, laguntza ekonomikoa emateko deialdi bat egiten da urtero: bekak. Laguntzak ematen dira testu liburuetarako eta eskola materialerako, eta jantokirako. Azken horren ordainketa egingo da, soilik zerbitzu hori erabiltzen bada, noski. Gainera, beharrezkoa denean, ikastetxeek aldi bereko itzulpen zerbitzua izan dezakete.

Beka horien eskaera egiteko deialdia urrian izaten da, eta informazio eta izapideak ikaslearen ikastetxean bertan egoten dira eskuragarri.  Dena dela, ikasle etorkinak ikasturtea hasita etortzen badira ikastetxera, geroago eskatu ahal izango dituzte bekak.

 

Nafarroan ez dute egutegirik argitaratu, oraindik

EAEn datorren astean emango diote hasiera aurrematrikulazio kanpainari. Dena den, Nafarroako gobernuak ez du horren berri eman eta, beraz, oraindik ezin da jakin egutegi zehatza zein izango den. Orain bi urteko ikasturteko datei erreparatuz gero, otsailaren hasieran egin zuten prozesua, baina pasa den urtean aldatu zuten protokoloa COVID-19aren ondorioz. Telematikoki egin behar izan zen eta gainera hilabete bat baino gehiago atzeratu zen prozesua, martxora arte. 

Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, pasa den ikasturtean derrigorrez bete behar ziren batzuk ezarri zituzten: alde batetik, mota bateko eskabide orria hiru urteko umeentzat, eta beste mota batekoa, gainerako umeentzat; beste batetik, familia-liburuaren, pasaportearen edo jaiotza-agiriaren kopia; eta, azkenik, ​ erroldatze-ziurtagiria.

Bestalde, baremoko puntuazioak lortzeko, bada aurkeztu daitekeen bestelako dokumentazioa. Horietako batzuk hauexek dira: lanpostuaren ziurtagiria, desgaitasunaren ziurtagiria edo txartela, errenta-aitorpena  (balidazio-kodea duena), edota familia ugariaren dokumentazioa.​​​​​​​ ​​​​​​Halaber, desgaitasuna, gaixotasuna edo osasunarekin lotutako beste edozein egoera duten ikasleen kasuan, aurkeztu daitezke ikastetxean ezagutu behar dituzten txosten medikoak. 

 

Ate irekiak, zentro guztietan 

Datorren ikasturterako zein ikastetxe aukeratu zalantzak badaude, ikasleek eta interesa duen orok aukera izango du Urumea bailarako hezkuntza-zentroetako ate irekietara joateko. Bertan,  metodologiaren eta, oro har, ikastetxearen gaineko informazioa jasoko dute; eta, gainera, edozein zalantza argitzeko aukera ere egongo da saio horietan. Beraz, komenigarria da, oraindik erabakia hartuta ez badago, ikastetxeek antolatu dituzten jardunaldietara joatea.   

 

Bigarren Hezkuntza, Hernanin eta Goizuetan

Bigarren Hezkuntzaren kasu­an, Urumealdeko herri bakarrak dauka eskaintza propioa he­rrian bertan: Aratz ikastetxean edo Hernani BHIn burutu daitezke ikasketa ha­u­ek; 16 urtera artekoa, lehenengoan, eta 18ra artekoa, bigarrengoan. Bertan aurrematrikulatzera dau­de deituta, batez ere, 2006an jaiotako gaztetxo hernaniarrak; 193 dira. Astigartarrak, oraindik, Her­­nanira, eta batez ere Martutenera joan ohi dira, bigarren hezkuntzako ikasketak osatzera. Goizuetan DBH 1 eta 2 daude.

 

Herrian ikasteak, balio erantsia

Eskolen aurkezpena eta eskain­tza egitean, herrian bertan ikasteak daukan garrantzia eta horrek ematen duen balio eran­tsia aldarrikatzen dute eragileek.

Era berean, Hernaniko Uda­lak, kalitatezko irakaskuntzaren aldeko apostua egitea ere badela dio. Arrazoi asko aipatzen ditu horretarako: «euskalduna eta ele­anitza da; parte-hartzailea; he­rrian txertatua; anitza eta integratzailea; herriko eskolen arteko elkarlana bultzatzen due­na; irakasleen formazio etengabeari garrantzia ematen diona; ingurumena zaintzeaz ardura­tzen dena; eta kalitatezko zerbi­tzuak eskaintzen dituena».

Horrez gain, gainera, abantailaz jositako eskaintza dela di­ote: «merkeagoa da; erosoagoa da; se­me-alaben heziketa hurbil-hurbiletik jarraitu dezakezu; ikaste­txearen egunerokotasunean par­te hartze zuzena izango du­zu; seme-alabek herrian bertan lagunarte zabala izateko au­ke­ra dute; herriko jarduerak eta zerbitzuak eskura dituzue; eta he­rriarentzako aberasgarria da».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!