AMAK taldeak irekiko du txotx denboraldia gaur, XXIX. Sagardo Berriaren Egunean

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 12a, 00:00
AMAK taldeak irekiko du txotx denboraldia gaur, Gurutzeta sagardotegian.

Gurutzeta sagardotegian irekiko dute aurtengo lehenengo kupela, eguerdiko 13:45etan. Aurretik, prentsaurrekoa izango da Sagardoetxean, eta sagarrondoa landatuko du laukoteak bertako sagastian.  

Sagardoaren Lurraldeak antolatuta, iritsi da, azkenean, sagardogileentzat eta sagardozaleentzat hain maitatua den eguna: txotx denboraldiaren irekiera. Gurutzeta sagardotegian izango da aurtengoan, eta AMAK taldeak izango du lehenengo txotxa egiteko ardura. Laukotea da aurtengo gonbidatu berezia, eta, beraz, «gure sagardo berria» esanez irekiko dute urteko lehen kupela Alaitz Telletxeak, Maixa Lizarribarrek, Amaia Orejak eta Kris Solanok.

Joan den urtean, osasun egoera medio, ezinezkoa izan zen ohitura jarraitzea eta irekiera bertako sagardotegi batean egitea. Erriberan egin behar izan zuten, eta Ander Gonzalez sukaldaria izan zen gonbidatu berezia. «Oso sagardozalea» izanik, pozik jaso zuen deia, baina onartu zuen «pena» izan zela txotx irekiera bere horretan ezin egin izana. Aurten, ordea, XXIX. Sagardo Berriaren Eguna Gurutzetan eta Sagarodetxean ospatuko da, eta bertan izango dira sagardogileak, sagardoaren munduarekin lotura duten erakundeen ordezkariak eta Sagardoaren Lurraldeko arduradunak.

Eguna hasteko, prentsaurrekoa izango da Sagardoetxean. Bertan azalduko dituzte 2021eko uztaren ezaugarri nagusiak, sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarriak, eta sagardoaren munduko gertaera garrantzitsuenak. Ondoren, AMAK taldeak izango du protagonismoa; hain justu, betiko legez, sagarrondo bat landatuko dute Sagardoetxeko sagastian. 
Ondoren, txalapartarien do­inuekin batera, sagar dantza dantzatuko dute Gurutzetan eta, jarraian, sagardogileek AMAK taldea soka dantzan parte hartzera gonbidatuko dute sagardo berria dastatzeko. Segidan helduko da eguneko momenturik bereziena: «gure sagardo berria» oihu eginda dastatuko dute AMAK taldekoek aurtengo sagardoa, eta, horrekin, hasiera emango zaio 2022ko txotx denboraldiari. 

Sektoreari buruzko informazioa aurkeztu zuten atzo, San Telmo museoan. 


«Pasioa eta ilusioa, aurtengo sagardo berriarekin»

Euskal Sagardoa Jatorri Izendapenak antolatuta, prentsaurrekoa izan zen atzo goizean, Donostiako San Telmo museoan. Bertan, sektoreari buruzko informazioa aurkeztu zuten: besteak beste, prezioak, jarraibideak, eta abar. Adierazi zutenez, erronka haundia dute aurretik: «ez ohiko egoera bati aurre egiteko erronka eta konpromisoa hartu du sektoreak, lanerako protokolo zehatzak garatu eta sagardo berria eta sagardotegiko esperientzia bezeroei modu erakargarri batean dastatzera emateko».

Nolanahi ere, egoerari «pasio eta ilusio haundiz» ekin diotela baieztatu zuten. Aipatu zutenez, aurtengo sagardotegi denboraldia, momentuz, Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak irauten duen bitartean, joan den urtekoaren antzekoa izango da. Alegia, Sagardogileek mahaira ekarriko dute sagardo berria, pitxer edo botila gardenetan eta bakoitza bere txarteltxo edota azalpenarekin. Otorduan zehar, pitxarra betetzera ere altxa daiteke mahai bakoitzeko arduraduna, eta sagardogilearen laguntzarekin be­teko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomenda­tzen duen kupeleko sagardoa.

Horrekin batera, jakinarazi zutenez, martxan jarri dute  otordua egiteko erreserba sistema Euskal Sagardoen online dendan eta Sagardotegietan. «Online dendaren bereizgarri nagusia sagardoen konbinazioak osatzea da, laurogeita hamar sagardo baino gehiago ditugu eta dendan, jendeak eskatu eta etxean jaso ahal izango dituenak». Era berean, sagardotegian, automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera ere ematen du sagardoa.eus webguneak: «sagardotegia aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da deirik egin edo emailik bidali gabe», ohartarazi zuten.

Era berean, emandako oharrean artean, aipatu zuten sagardoak, aurten, igoera izango duela; «azken urteko igoerak medio, sagardoa %10-%20 artean igoko da. Sagarra, beira, kartoia, argindarra... guztiak egin du gora eta sagardoak ere gora egingo du ezinbestean, lehendik ere errentagarritasun baxuko produktua izaki, gaur egungo egoerara moldatzen joateko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!