Hiru porrot gogor talde nagusiek, urteko aurreneko partiduetan

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 11a, 00:00
Porrot gogorra jaso zuten Mundarroko mutilek, Santo Tomas Lizeoaren kontra.

Galdu egin zuten Gipuzkoako lehenengo mailako hiru taldeek, bi asteburutan atseden hartu ondoren.

Partidu zailak zeuzkaten bailarako hiru saskibaloi talde nagusiek, urteko aurreneko jardunaldian, bi asteburutan atseden hartu ondoren. Eta porrota jaso zuten hirurek, Gipuzkoako lehenengo mailan.


Mundarroko mutilek bakarrik jokatu zuten etxean, larunbat arratsaldean; eta 62-85 galdu zuten, Santo Tomas Lizeoaren kontra. Ligako bigarren sailkatua da talde donostiarra, eta haien pare jartzeko aukera zuten astigartarrek, irabazita; baina hasieratik egin zieten ihes. 18-35 aurreratu ziren donostiarrak aurreneko laurdenean, eta 33-55 iritsi ziren atsedenaldira. Hortik aurrera ere, ezin izan zuten tartea murriztu astigartarrek.


Hobeto ekin zioten Mundarroko neskek, Errenterian, Oiarsoren kontrako partiduari. 8-10 hasi ziren irabazten, baina atsedenaldira 19-15 iritsi ondoren, hondoratu egin ziren hirugarren laurdenean: 17-2ko partziala jaso zuten, eta buelta emateko aukerarik gabe geratu ziren. Azkene­an, 52-28 galdu zuten.


Eta galdu egin zuten Hernaniko mutilek ere, Donostian; baina partidu ona jokatuta. Beraiek zeukaten hitzordurik zailena, liderraren kantxan, eta irabazteko aukerei eutsi zieten azkeneko laurdenera arte. Berdindua izan zen partidua hasieratik (14-13), eta tarte txikiarekin iritsi ziren atsedenaldira (25-21). Donostiarrek haunditu egin zuten aldea pixka bat, hirugarren laurdenean (42-35), eta zaildu egin zitzaien partidua hernaniarrei. Azkenera arte lehiatu zuten, baina ezin izan zioten buelta eman (61-51).


Porrota jaso arren, Munda­rroko mutilek bosgarren jarrai­tzen dute. Hernanik pos­tu bat galdu du, eta bederatzigarren dago orain. Eta Mundarroko neskek aurreneko garaipena lortu ezinik jarraitzen dute, sailkapeneko azkeneko postuan. Ostiralean daukate partidu garrantzitsua, Donosti Hoops azkenaurrenaren kontra, 19:40etan kiroldegian

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!