Lau txapeldun eta «pelota egun zoragarria», Gabonetako Torneoaren azkeneko partiduekin

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 11a, 00:00
Gabonetako Txapelketako finalista eta semifinalista guztiak, larunbat arratsaldean, sari banaketaren ondoren.

Oihan Makatzagak, Adei Estebanek, Aner Barrenetxeak eta Eneko Oiagak jantzi zituzten txapelak, Hernaniko pelota eskolaren txapelketan, larunbatean.

Partidu gutxiago izan arren, ez da pelotarik falta izan Gabonetan, Urumea bailaran. Txapelke­ta bereziak jokatu dituzte, fron­toiaz gozatzeko; eta horren era­kusle izan zen larunbateko jaialdi bikoitza, Hernaniko kiroldegiko frontoian. «Pelota egun zoragarri batez gozatzeko aukera izan genuen», nabarmendu dute Hernaniko pelota eskolatik.

Gabonetako Torneoaren azkeneko partiduak jokatu zituzten bertan, pelota eskolako gaztetxoenek: semifinalak goizean, eta finalak arratsaldean.

Benjamin eta alebin mailakoak aritu dira txapelketa jokatzen, eta parte hartu duten 32 esku pelotarietatik, 16 sailkatu ziren azkeneko jardunaldira. Goizean izan ziren zortzi semifinalak, buruz buru, eta partidu politak ikusteko aukera izan zuten bertaratuek. Irabazleek, eguerdian hartu zuten atseden pixka bat, arratsaldean finalak jokatzeko; baina hori baino lehenago, beste momentu berezi bat izan zen frontoian: modelo lanetan aritu ziren CD Hernaniko esku pelotari federatuak, pelota eskolako gaztetxoak, eta entrenatzaileak, denboraldiko argaz­ki ofizialak atera baitzituzten ber­tan. Guztira, 75 esku pelotari eta bederatzi entrenatzaile dira, denboraldi honetan.

Eta orduan bai, finalei egin zieten bidea, festa borobiltzeko. Benjaminen bigarren mailan, Oihan Makatzaga nagusitu zen, Ekhi Zuriarrainen kontra, arratsaldeko partidurik estuenean (16-14). Benjaminen lehenengo mailan, Adei Estebanek jantzi zuen txapela, Ekai Bergara menderatuta (16-4). Alebinetan, berriz, Aner Barrenetxea izan zen bigarren mailako txapelduna, Ander Muñozen kontra (16-9). Eta alebinen lehenengo mailan, emaitza berarekin nagusitu zen Eneko Oiaga, Hegoi Zabalaren kontrako finalean (16-9).

Txapelak eta kopak banatu zizkieten txapeldun eta finalistei, eta taldeko argazkia egin zuten larunbateko partehartzaile guztiek. Eta azkenik, pelota eskolako guraso batzordeak prestatuta, merienda eder batekin eman zioten bukaera, «txapelketari eta egun polit bati».

Partidu politak jokatu zituzten Hernaniko pelota eskolako gaztetxoek, larunbat goizean eta arratsaldean.


Bigarren porrota Binakako Txapelketan, Iker Salaberriak

Profesionalei dagokionez, Promozioko Binakako Txapelketako partidua zeukan Iker Salaberria goizuetarrak, Zallan, ligaxkako bigarren itzulia hasteko. Eta porrota jaso zuen, Erostarberekin batera, Victorren eta Gaskueren kontra (16-22). Ligaxkako bigarren porrota dute, zortzi partidutan; eta lidertza galdu dute, Bakaikoak eta Elizegik zazpigarren garaipena lortu baitzuten. Edonola ere, bi garaipeneko tartea daukate oraindik, hirugarren sailkatuarekin.

 

John Linares trinketeko finalera, baina Oier Gurutzealdek ezin

Afizionatu mailako txapelketetan, berriz, partidu garrantzitsu­ak jokatu zituzten trinketean, bi astigartarrek bereziki, Gipuz­koa­ko Txapelketaren semifinala baitzeukaten jokoan, Iruran.

Nagusien lehenengo mailan, galdu egin zuen Oier Gurutzealdek, Behar Zanako Maizen kontra (13-40); eta finaletik kanpo geratu da. Aldiz, final haundira sailkatzea lortu zuen John Linaresek, nagusien bigarren mailan. Partidu ezin estuagoa jokatu zuen astigartarrak, Pagazpeko Huiziren kontra; eta berak lortu zuen tanto erabakigarria (40-39).

Txapelketa berean, semifinaletara pasea lortzeko aukera zuten hiru hernaniarrek, ligaxkako azkenaurreko jardunaldian; eta ez zuten hutsik egin: Jon Jara jubenilak 35-3 irabazi zion Julen Deskarga herrikideari; Xuban Iturbe kadetea 30-15 nagusitu zen Epleko Lizarazuren kontra; eta Oier Azpeitia kadeteak ere garaipena lortu zuen (30-1), Behar Zanako Iparragirreren kontra. Horrela, hirurak sailkatu dira semifinaletara, ligaxka bukatzeko jardunaldi bat falta denean.

Jardunaldiak ez du albiste onik ekarri, ordea, Iñigo Labaka hernaniarrarentzat, trinketean. Partidu erabakigarria zeukan, Gipuzkoako Txapelketan, nagusien lehenengo mailari eusteko; baina galdu egin zuen, Epleko Aranbururen kontra (38-40); eta bigarren mailan ariko da datorren denboraldian.

 

Amaia Irazustabarrenak eta Maider Huizik, bigarren garaipena Bizkaia Torneoan

Bailarako palistei dagokienean, Bizkaia Torneoko bigarren jardunaldia jokatu zuten hiru hernaniarrek, igandean. Eta bertan, bigarren garaipena lortu zuten Amaia Irazustabarrenak, Leire Etxanizekin; eta Maider Huizik, Nagore Martinekin. Irazustabarrenak eta Etxanizek 12-9 eta 12-8 irabazi zuten, Ariane Arrieta hernaniarraren eta Agirresaroberen kontra. Eta Martinek eta Huizik ere, 12-9 eta 12-8 menderatu zituzten Galdos eta Etxaniz.

Datorren asteburuan, elkarren kontra lehiatuko dira bi garaipenekin dauden bi bikoteak; eta bertan erabakiko dute, zein izango den ligaxkako liderra. Beste bi bikoteek, berriz, hirugarren eta laugarren izatea daukate jokoan. Lau bikoteak ariko dira semifinaletan gero, baina ligaxkako ordenaren arabera: aurreneko bikotea, laugarrenaren kontra; eta bigarrena, hirugarrenaren kontra.

Eta Euskal Herriko Kluben arteko Ligako partiduak ere jokatu dituzte asteburuan, Hernaniko bi taldek. Jubeniletan, galdu egin zuten Enara Maciciorrek eta Ane Kerejetak, Lekunberrin, Larraun taldearen kontra (20-12); baina nagusietan, aldearekin lortu zuten garaipena Amaia Irazustabarrenak eta Ariane Arrietak, Orozkon, Olgetan taldearen kontra (30-11).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!