«6 egun itxaron behar izan nituen proba egiteko, eta, gainera, Donostian jarri zidaten hitzordua»

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 11a, 00:00
Herritarrak ilaran Gipuzkoako Aldundundiko atarian, antigeno proba egiteko zain.

Omikron kasuek gora egin dute azken asteotan, eta anbulategiak «gainezka» daude. Telefono deiak ezin hartu, jende ilara luzeak atarian, antigeno testak Donostian... Egoera «nahasmen hutsa» izan dela aipatu dute zenbait herritarrek, eta antolakuntza hobetzeko eskatu dute.     

Koronabirusaren azken olatuak orain arteko kutsatze kopuru altuena utzi du Euskal Herrian. Hain justu, datuek okerrera egin zuten duela zenbait aste, Omikrona berehala hedatu baitzen euskal herritarren artean.  Epidemiologoek azaldu dutenez, azkar zabaltzeko ahalmena du birusaren aldaera horrek. Sintoma ohikoenak? Sukarra, eztula, aire faltaren sentsazioa, eztarriko mina, neke eta min orokortua, sudurreko kongestioa, beherakoa eta, kasu batzuetan, usaimena edo dastamena galtzea. Zenbaiten esanetan, «gripe baten parekoa da Omikrona».

Urumea bailaran ere sumatu da olatua, eta, ondorioz, anbulategiek eta osasun zentroek gainezka egin dute. «Positibo eman nuen etxean egindako proba batean, eta 20 minutu itxaron behar izan nituen anbulategiko langileekin telefonoz hitz egiteko», azaldu du herritar batek. Izan ere, egungo kolapsoa dela eta, Covid-19aren proban positibo emanez gero, Osakidetzak gomendatzen duena hauxe da: isolatu, positiboen zerrendako formularioa bete, eta abisatu kontaktu estuak izan direnei. Alegia, lehen ez bezala, ez da osasun etxera deitu behar eta ez da osasun etxera joan behar.

Horren haritik, arazoa, zenbaiten ustean, «tramite horren kudeaketan» egon da. Askok sorpresaz hartu dute positibo izatea, izan ere, «prebentzioagatik» egin dute proba, etxean. Eta positibo zirela ikustean, anbulategira deitu eta medikuarekin harremanetan jartzea «ezinezkoa» dela ikusi dute. «Ez bertaratzeko esan digute, bestela gehiago kolapsatuko delako. Baina zer egingo dut telefonoz hitz egitea lortzen ez badut?», salatu du beste herritar batek.

Horrekin batera, Eusko Jaurlaritzak koronabirusari buruzko atal berezia ireki du bere webgunean (www.euskadi.eus), eta, orain, internet bidez egin behar da tramitea. Horregatik, herritar askorentzat «zaila» izan da egoera kudeatzea.

10 egunetik, 7 egunetara

Egoera horren guztiaren artean, Carolina Darias Espainiako Gobernuko Osasun ministroak adierazi zuen berrogeialdia 10 egunetik zazpira murriztuko zietela koronabirus proban positibo eman baina sintomarik ez duten pertsonei; alegia, positibo asintomatikoei. Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoetako Osasun Publikoko zuzendari nagusiek aho batez erabaki zuten egunak murriztea, eta aldaketa abenduaren 30ean jarri zen indarrean.

Pertsona positibo baten kontaktu estua izan eta txertatu gabe daudenei ere eragiten die neurriak, eta aipatutakoaz gain, beste aldaketa esanguratsu bat ere ekarri du erabakiak: aurrerantzean, ez da beharrezkoa izango PCR emaitza negatibo bat edukitzea konfinamendua bukatzeko.

Kontaktu estuek ere zalantzak izan dituzte. Orain arte, etxeratu eta isolatu egin behar zuten; orain, berriz, txertatuta egonez gero, testa egin eta emaitza negatiboa izanez gero, ez da koarentenarik egin behar. Hori bai, prebentzio-neurriak zorroztu eta sintomak zaindu behar dira. «Txertoa osorik hartu ez baduzu, koarentena eta proba diagnostiko bat egin beharko dituzu lehenbailehen», jakinarazi dute osasun arduradunek.

 

«Donostiara, proba egitera»

Bailarako herritarren artean, kexa nagusia izan da PCR edo antigeno proba egitera Donostiara joan behar izan dutela. «Abenduaren 28an eman nuen positibo etxean egindako antigeno testean, eta segituan bete nuen Osakidetzako formularioa. Hurrengo egunean iritsi zitzaidan SMSa, eta proba egiteko hitzordua positibo eman eta 5 egunera eman zidaten: urtarrilaren 2rako, Donostian, Aldundiko eraikinean», adierazi du hernaniar batek. «Hori gutxi balitz, bertara iritsi eta erizainak esan zidan proba nik egin behar nuela; hau da, nik sartu behar nuela hisopoa sudurrean. Egoera, benetan, sinestezina izan da».

Egun gehiago itxaron behar izan dituen herritarrek ere gauza bera salatu dute: «positibo baten kontaktu estua izateagatik, lehenik eta behin, formularioa bete nuen. Hala ere, bi egun itxaron behar izan nituen Osakidetzaren berri izan arte. Ez zidaten beraiek deitu, nik deitu behar izan nuen anbulategira. Esan zidaten etxean egoteko, abisatuko zidatela eta jarriko zidatela antigeno proba egiteko hitzordua. Hortik egun batera iritsi zitzaidan mezua, eta bertan zioen testa egitera Donostiara joan behar nuela sintomak izan eta sei egunera», kontatu du herritar batek.  «Baina okerrena da, gerora, jakin nuela Hernanin probak ari zirela egiten ni baino beranduago positibo eman zutenei, eta horrek nire harridura piztu zuen. Hortaz, Osakidetzara deitu nuen hiru aldiz, eta hirugarrenean hartu zidaten telefonoa 15 minutu itxaron ondoren. Zentralitakoei azaldu nien nire egoera; positibo nintzela eta Donostian nuela zita, positibo eman eta sei edo zazpi egunetara. Hitzordua aldatzeko eskatu nien, izan ere, sintomak izan eta egun asko pasako ziren testa egin arte eta, beraz, negatibo emateko aukera izango nuen antigeno testean. Horregatik, PCRa egiteko aukera eskatu nuen, baina zentralitakoek eta anbulategiko administrariek ezezkoa eman zidaten.  Azkenean, erizain batekin hitz egitea lortu eta Hernanin jarri zidaten hitzordua egun horretan bertan».

Sisteman dagoen kolapsoa «ulertzekoa» dela diote, baina koordinazioa eskatu dute: «antolakuntza oso eskasa eta prekarioa izan da. Telefonoz deitu behar izan dut behin eta berriz proba lortzeko eta, gero, emaitza positiboa izan ondoren, ez dut inolako jarraipenik izan».

 

Antigeno testak, agortuta

Antigeno testek ere izan dute zeresana egun hauetan. Batzuek diote «aditu» direla orain makiltxoa sudurretik sartzeko lanean. Hain zuzen, Gabonetako afarien eta bazkarien aurretik, jendea herriko farmazietara hurbildu zen testak erostera, eta berehala agortu ziren guztiak. Horregatik, gerora, askok aipatu zuten testa lortzea «ezinezkoa» zela, edota lortuz gero, «altxorra» zela horiek izatea. «Duela bi edo hiru aste testik gabe gelditu ginen; momenturo etortzen zen jendea probak erostera, eta ez genituela esan behar izaten genien. Orain baditugu, baina ez dakit zer gertatuko den», kontatu du Florida farmaziko arduradunak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!