Zabalik da Euskarabenturan hautagaitzak bidaltzeko epea

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 10a, 00:00

2005 eta 2006 urteetan jaio den Euskal Herriko eta inguruko gazte euskaldun orok martxoaren 4ra arteko epea dauka aurkezpen bideoa bidaltzeko. 

Dagoeneko zabaldu da Euskarabentura Espedizioa 2022 edizioaren izenemate epea. Euskal Herriko 16 eta 17 urteko gazte euskaldunek 2022ko martxoaren 4ra arte arteko epea izango dute hautagaitza aurkezteko. Horretarako, minutu bateko aurkezpen bideoa eta banakako proiektu bat aurkeztu beharko dituzte, «elkarteak proposatutako gai eta formatu bat aukeratuz», eta hemen daude gaiak ikusgai: euskarabentura.eus. 

Jasotako proiektuak, Eusko Ikaskuntza eta PuntuEus Fundazioak ebaluatuko ditu eta apirilaren 24an 130 gazte parte hartzaileen behin-behineko zerrenda argitaratuko da. Espedizio taldeko kideak hautatzeko kontuan izango dira, alde batetik; egin duten proiektuaren balorazioa, eta bestetik;  «gazteen jatorria, generoa eta motibazioa ere». 

Aurten, hautagaitza bidali nahi duten gazteek banakako proiektua sortzeko hiru gai dituzte aukeran: Gure aisiaren espazioa: «gaur egungo hezkuntza zentroetako jolastokien ezaugarriak eta bertan ematen diren dinamikei buruz hausnartzeko» eta Zer ginen, zer gara, zer izango gara: «soilik historiatik hasiz eraikiko dugulako etorkizuna». Proposatutako gai eta formatuekin gazteen hausnarketa eta sormena jarri nahi dituzte martxan Euskarabenturako antolatzaileek. 

Uztaila, abenturaz josita 
Uztaileko hilabetean zehar, gazteek Euskal Herria oinez zeharkatzeaz gain euskal kultura, geografia, hizkuntza eta gizartea ondo ezagutzeko aukera izango dute askotariko bisita, tailer, hitzaldi edota espedizioa bisitatuko duten gonbidatuen eskutik. 
Beraz, sekulako uztaila igortzeko gogoa izanez gero, eta 16 edo 17 urte edukiz gero, martxoaren 4ra arteko epea dago hautagaitzak bidaltzeko: «Sortu genuenak piztuta darrai!».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!