Bueltan da futbola, Gabonetako etenaldi luzearen ondoren, Urumea bailarako taldeentzat. Eta herrian bertan gozatu ahal izango dute goi-mailako futbolaz, zaleek. Izan ere, etxean ariko dira talde nagusi gehienak.
Lehiara buelta bakarrik ez, Zubipera buelta ere izango da asteburu honetakoa, Hernaniko zenbait talderentzat, uholdeek zelaia oso egoera txarrean utzi zutenetik. Bertan ariko da Ohorezko Erregional Mailako nesken taldea, bihar eguerdian. Berdeek Touring hartuko dute, ligako azkenaurreko sailkatua, 12:00etan hasita. Azkeneko emaitzek eta partidu bat gutxiago jokatzeak zazpigarren postura jaitsi du taldea, baina ez daude urruti aurrenekoak, eta igoeraren lehian sartu nahi dute berriro, gaur irabazi eta bolada onari hasiera emanda.
Mutil hernaniarrek, berriz, Oiartzunen daukate Ohorezko Erregional Mailakoa, gaur arratsaldeko 15:30etan. Azkenaurreko sailkatuaren kontra ariko dira haiek ere, eta garaipenaren bidera bueltatu nahi dute, asko zaildu zaien igoeraren lehian sartzeko berriro. Urrundu egin zaizkie aurreneko hiru taldeak.
Igoera fasean, Erregional Preferenteko neskak
Erregional Preferenteko neskek, aldiz, fase berri bati emango diote hasiera; eta igoera fasean ariko dira Mundarro eta Hernani. Moreek bihar jokatuko dute estreinakoa, goizeko 11:00etan Zarkumendegin, Hondarribiaren kontra; eta Hernanik Real Sociedad hartuko du Zubipen, gaur arratsaldeko 15:30etan.
Zarkumendegin ariko dira Mundarroko mutilak ere, oraindik Erregional Preferenteko aurreneko fasean. Tolosa hartuko dute moreek etxean, bihar, arratsaldeko 16:00etan hasita.