Gabonetako Txapelketaren semifinalak eta finalak bihar, Hernaniko frontoian

Kronika - Erredakzioa 2022ko urt. 7a, 00:00
Hernaniko Pelota Eskolako 32 gaztetxo aritu dira Gabonetako Txapelketan.

Goizeko 11:00etan izango dira finalerdiak, eta 17:00etan finalak, Pelota Eskolaren Gabonetako torneoan. Beste partidu asko izango dira gaur.

Hitzordu polita daukate pelotazaleek bihar, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Izan ere, bertan jokatuko dira Pelota Eskolaren Gabonetako Txapelketaren azkeneko partiduak: zortzi semifinalak goizean, 11:00etan hasita; eta lau finalak arratsaldean, 17:00etatik aurrera.

Hernaniko Pelota Eskolako 32 haurrek hartu dute parte, eta 48 partidu jokatu dituzte orain arte, hiru jardunalditan. Horietatik, 16 esku pelotarik egin dute aurrera, lau kategoriatan. Horrela, bigarren mailako benjaminetan, Oihan Makatzaga eta Ametz Kortabarria ariko dira elkarren kontra, semifinal batean; eta Ekhi Zuriarrain eta Aiur Etxeberria, bestean. Lehenengo mailako benjaminetan, Markel Alejosek eta Adei Estebanek neurtuko dituzte indarrak, aurrena; eta Inhar Arregik eta Ekai Bergarak, ondoren. Bigarren mailako alebinetan, Ander Muñoz eta Ekhi Barrenetxea ariko dira elkarren kontra aurreneko semifinalean; eta Aner Barrenetxea eta Urko Zelaia bigarrenean. Eta azkenik, lehenengo mailako alebinetan, Eneko Oiaga eta Ibon Kerejeta ariko dira aurrez aurre, batetik; eta Unax Mendiable eta Hegoi Zabala, bestetik.

Aurrera egiten duten zortzi pelotariek, finala jokatuko dute arratsaldean. Baina hori baino lehen, 15:15etan, argazki ofiziala aterako dute Hernaniko esku pelotari guztiek, frontoian.

Udaberriko Txapelketa martxan, gaurtik

Gaur bertan, Gipuzkoa mailako beste txapelketa bati emango diote hasiera, pelotari hernaniar eta astigartarrek, eskuz zein palaz: Udaberriko Txapelketari. Gaur jokatuko dituzte asteburuko partidu gehienak, horietako batzuk etxean. Hernanin, esaterako, aurrez aurre ariko dira bi bikote hernaniar, palaz, jubeniletan: Ane Kerejeta (Alaitz Barrenetxearen partez, min hartuta dagoelako) eta Laia Garmendia, Irati Minerren eta  Maddi Iriondoren kontra, 19:30etan hasita. Eta segidan, eskuz, elkarren kontra jokatuko dute Unax Pascual eta Martin Alberdi hernaniarrek, eta Aimar Zabala eta Markel Urdangarin astigartarrek, kadeteetan.

Gaur bertan, etxetik urrun ariko dira hiru bikote hernaniar, eskuz: Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia kadeteak Azpeitian, Iñigo Urkizu eta Xabier Ortiz de Urbina nagusiak Azkoitian, eta Garikoitz Arizmendi eta Anartz Oiartzabal nagusiak Beasainen.

Eta igandean, azkenik, Txomiñenen ariko dira Eñaut Lizeaga eta Oier Gurutzealde astigartarrak, nagusien lehenengo mailan. 10:30etan hasita, Ilunpe izango dute aurrez aurre.

Partidu garrantzitsuak, Gipuzkoako trinketekoan

Frontoian bakarrik ez, trinke­te­an ere partidu garrantzitsu­ak jokatuko dituzte, esku pelo­tariek. Bihar arratsaldean, Gipuzkoako Txapelketaren semifinalak jokatuko dituzte bi astigartarrek, Iruran: lehenengo mailakoa Oier Gurutzealdek, 16:30etan hasita, Be­har Zanako Maizen kontra; eta bigarren mailakoa John Linaresek, 15:00etan, Pagazpeko Huiziren kontra.

Aldiz, hiru esku pelotari hernaniar ariko dira Iruran, semifinaletara sailkatzeko asmoz. Jubeniletan, gaur jokatuko du Jon Jarak, Julen Deskarga herri­kidearen kontra, 19:30etan; eta Jarak irabaziz gero, semifinaletara sailkatuko da, jardunaldi baten faltan. Egoera berean daude Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia kadeteak: Epleko Lizarazuren kontra ariko da Iturbe, bihar 10:30etan; eta Behar Zanako Iparragirreren kontra Azpeitia, bihar 12:00etan. Iñigo Labaka na­gusiak, berriz, lehenengo mailan jarraitzeko partidua dauka bihar, 18:30etan, Epleko Aranbururen kontra.

Nafar Jokoetako bost partidu gaur, Goizuetan

Goizuetarrek, berriz, Nafar Jokoetako partidu ugari izango dituzte asteburuan. Gaur bertan, bost jokatuko dira Goizuetan, arratsaldeko 17:30etan hasita. Sein mailan, Oier Zabalak Aldabideko Elizondoren kontra jokatuko du; Josu Larinek Aurrerako Zabaletaren kontra; eta Beñat Narbartek Sutegiko Arañaren kontra. Eta kimuetan, Mañel Segesek eta Mikel Zurutuzak aurrez aurre izango dute Pilotajauku; eta Mattin Garmendiak eta Axel Salaberriak, Aldabide.

Bihar izango dira beste bi partidu, 11:00etan. Aurrena, kimuetan, Araitz Legarretak eta Alize Sagarduik jokatuko dute, Zugarralderen kontra. Eta ondoren, Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketakoa daukate Oihan Legarreta eta Egoitz Elizegi kadeteek, Ataunen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!