Osasun egoerak aldatu du Errege Magoen plana, aurten ere, data seinalatu hauetan. Eta segurtasunagatik, zenbait herritan ez dute kale bueltarik egin; Hernanin, esaterako, ez da kabalgatarik izan, joan den urtean bezala.
Goizuetan barrena iritsi ziren Errege Magoak Urumea bailarara, globo eta xaboi-burbuila artean; eta harrera beroa egin zieten herritarrek, bertan. Kalez kale ibili ziren, eta Xalto eskolako frontoian elkartu ziren gero gaztetxoekin zein helduekin, urte osoko kontuak eta bizipenak berritzeko, eta hasi berri den urtean ere txintxo portatu daitezen eskatzeko. Bertan banatu zituzten aurreneko opariak, bete-beteta ekarri zituzten zakuen karga arintzeko eta haurrak ilusioz betetzeko.
Eta gainerako opariak, gauean banatu zituzten, etxez etxe. Goizuetarrak agurtu ondoren, bailara osoko etxeetara egin zuten bisita Errege Magoek, denak lo zeudenean, gutun luzeetan eskatu zizkieten oparietako batzuk eramateko.
Lan gogorra izan zuten gau osoan, baina animoak eman zizkieten, esaterako, Hernaniko Musika Bandak eskaini zizkien doinuek. Kabalgatarik gabe ere, kalera atera ziren musikariak, Errege bezperaren arratsaldean, Erregeak datoz doinuaren airera herriko txokoak alaitzera, eta haien etorrera iragartzera.