«Herri honek jasandako zapalkuntza baten aldarria zen Buruntzako gurutzea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 30a, 00:00

Buruntza mendiko gurutzearen eraisketak piztu duen eztabaidaren aurrean, bere «arrazoi politikoetan berretsi» da Buruntzaldeako Ernai.

Abenduaren 17tik 18rako gauean eraitsi zuen Buruntza mendiko gurutzea Ernai gazte antolakundeak, eta horrek piztu duen eztabaidaren aurrean, oharra helarazi dio Buruntzaldeako Ernaik Kronikari. Horretan dio, eraisketaren «izaera eta arrazoi politikoetan berretsi» egiten dela; eta bere azalpenak eman ditu.

«Buruntzako gurutzea 1939ko abuztuan zutitu zen, 1936ko kolpe militar faxistan parte hartuz hil ziren matxinatuak omentzeko. Gurutzearen kokapena ere ez zen kasualitate hutsa, ez baitzuten tontorrean kokatu, berau inguratzen zuten herri guztietatik ikus zitekeen leku estrategiko batean baizik. Gurutzeak izaera eta helburu frankista eta faxistak zituen, eta ikur sinboliko huts batetik haratago, herri honek jasandako zapalkuntza baten aldarria eta inposizioaren isla zen», adierazi du Ernaik.

Eta salatu du, gaur egun «zilegi» dela faxismoari gorazarre egitea: «belaunaldi berriok Frankismoaren garai haiek bizi ez genituen arren, gaur egun faxismoari gorazarre egitea zilegi dela ikusten dugu, horren erakusle baita, Buruntzan bezalaxe, Euskal Herrian zehar hainbat ikur frankista oraindik ere zutik mantentzea. Halaber, 78ko erregimenaren ondorio moduan ulertzen dugu hau. 78ko erregimena Frankismoaren oinordeko politikoa da; monarkia, elite ekonomikoen agintea, kolonialismoa, botere judiziala, indar armatuetan Frankismoaren jarraipen hutsa... indarrean mantentzen dituena. Hitz gutxitan, demokrazia eta askatasun eza Euskal Herriarentzat».

«Garrantzitsua iruditzen zaigu ikur hauei dagokien esanahia ematea eta ezabatzea»

Horregatik dio Ernaik, «azken urteotan jasaten ari garen eskuin muturraren gorakada gehituta», garrantzitsua iruditzen zaiola «ikur hauei dagokien esanahia ematea eta ezabatzea, zapalkuntzarik gabeko herri baten alde. Gazteok eguneroko borrokan sakontzen jarraituko dugu, gaur ikur frankistak ezabatuz, eta bihar Euskal Herri aske, sozialista eta feminista baten aldeko bidea eginez. Gurutze hau herriari inposatu zitzaion, eta herriak eraitsi du. Espainiar faxismoarekin hautsiz, gazteok independentzia!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!