Badira hilabete batzuk, bilerak egiten ari direla Hernaniko, Ereñotzuko, Aranoko eta Goizuetako alkateak, elkarlanean egitasmoak bideratzeko asmoz; eta horietako bat, Hernanitik Goizuetara doan errepidean jarriko dute martxan, «kutsadura murriztu eta errepidearen erabiltzaileen arteko elkarbizitza hobetzeko asmoz». Horrela, aurrerantzean bizikletek eta patineteek izango dute lehentasuna Hernani-Goizueta errepidean, eta zenbait arau ezarriko dira hori bermatzeko. Batetik, abiadura maximoa 50 kilometro ordukoa izango da errepide osoan, eta zati batzuetan 30era murriztuko dute: auzune txikien parean, eta gune arriskutsuetan. Eta bestetik, ezingo da edozein tokitan aurreratu: bost tramo markatuko dira, bakoitza kilometro batekoa, eta tramo horietan bakarrik baimenduko da aurreratzea.
Gainera, jakinarazi dutenez, abiadura kontrolatzeko panelak jarriko dituzte, ibilgailu bakoitzaren abiadura erakusten dutenak, autokontrola sustatzeko. Aurrerago, beharrezkoa bada, ez dute baztertzen neurri zorrotzagoak hartzea: abiaduraren arabera gorri jartzen diren semaforoak, edota radarrak.
Bizikleta elektrikoak hartzeko aukera, Hernanin eta Goizuetan
Bizikleten eta patineteen erabilera ere sustatu nahi dute horrela, kutsadura murrizteko; eta horretarako, bizikleta elektrikoak ere jarriko dituzte eskura, Hernanin eta Goizuetan; Karabel auzoaren sarreran eta suhiltzaile parkearen ondoan, hurrenez hurren. Printzipioz, bizikletek bateria nahikoa izango dute bi herrien arteko bidea osatzeko, baina badaezpada ere, aldapa behera motorra ez aktibatzea gomendatuko dute. Hilabete batzuen buruan, Aranon eta Ereñotzun ere bizikleta elektrikoen estazio bana jartzea aurreikusi dute. Doakoa izango da bizikleta horien erabilera, bailarako herritarrentzat, baina izena eman beharko da.
Oraindik ez dute zehaztu noiz izango diren neurri berriak indarrean. Seinalizazioa prestatu eta informazio kanpaina egin behar dute aurrena, baina 2022ko aurreneko hiruhilekoan espero dute martxan jartzea.