Bankoa-DV Torneoa irabazi du Expositok, eta Gipuzkoako Txapelketa Osesek

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 28a, 00:00

Morgaetxeberria eta Exposito, Bankoa-DV Torneoko txapelekin.

Txapela garrantzitsua jantzi zuen Hodei Exposito astigartarrak, Morgaetxeberriarekin batera, finalean 22-21 irabazita. Ekhi Oses hernaniarrak Gipuzkoako finala irabazi du, infantiletan; eta Imanol Ormazabal alebin astigartarrak, galdu.

Lau final zeuzkaten jokoan asteburuan, Urumea bailarako esku pelotariek; eta horietatik hiru irabazi dituzte. Hodei Expositok jantzi du txapel garrantzitsuena, Bankoa-DV Tor­neo entzutetsuko finala irabazita. CD Hernani taldeko astigartarra 21-22 nagusitu zen, Aimar Morgaetxebarria zornotzarrarekin batera, Muruaren eta Irazustabarrenaren kontra, Zarautzen.

Partidu gogorra jokatu zuten lauek: 619 pelotakada, eta ia ordu eta laurdeneko iraupena. Exposito eta Morgaetxeberria izan ziren nagusi peloteoan, bereziki 6-3ko markagailuari buelta eman eta 6-9 aurreratu ondoren; baina ez zuten lortu nahi bezalako tarterik egitea. Are gehiago, kontrarioek izan zu­ten partiduko alderik haundiena, 16-12 aurreratuta.

Berriro eman zioten buelta (16-17), eta erabat berdindu zen partidua. 20-21 aurretik zirela, bukatzeko aukera izan zuen astigartarrak, baina huts egin zuen txokoan, eta azkeneko tantoan jokatu zuten dena. Orduan, Murua izan zen gantxo­arekin asmatu ez zuena, eta Expositok eta Morgaetxeberriak lortu zuten garaipena. 10 tanto eta 6 huts eginda bukatu zuen partidua, aurrelari astigartarrak.

Ekhi Oses, Gipuzkoakoan lortutako txapelarekin


Gipuzkoakoan, bi final irabazi eta bat galdu

Gipuzkoako Txapelketan jokatu zituzten beste hiru finalak, bu­ruz buru. Infantilen bigarren mailan, txapela jantzi zuen Ekhi Oses hernaniarrak, Lapke­ko Munduate bi jokotan menderatuta: 8-5 eta 8-1. Alebinetan, berriz, lehenengo mailako finala galdu zuen Imanol Ormazabalek, bi jokotan, Lapkeko Landaren kontra (3-8 eta 6-8).

Imanol Ormazabal, Gipuzkoako finala galdu berritan, konpainia ederrean.


Eta ekialdeko kontsolazio faseko fi­nala irabazi zuen Aratz Labaka alebin hernaniarrak, Txu­lobiko Tejeriaren kontra, oso partidu es­tuan, hiru jokotan: 5-8 galdu, 8-7 irabazi, eta desenpatean 4-3 nagusitu.

Aratz Labaka, Gipuzkoako Txapelketaren kontsolazio finala irabazi ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!