Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak Ekolurra bereizgarria aurkeztu du

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 27a, 00:00
Chillida Lekun egin zen Ekolurraren aurkezpena.

Chillida Lekun egin zen ekitaldia eta pauso honekin Kontseiluak ziurtatutako elikagaietan bereizgarri hau erabiltzeko aukera zabaltzen da.

Euskal Autonomi Erkidegoko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak Ekolurra bereizgarria aurkeztu zuen Chillida Lekun. Pauso honekin Kontseiluak ziurtatutako elikagaietan bereizgarri hau erabiltzeko aukera zabaltzen da. Ekolurra bereizgarriak elikagaien etiketatu ekologikoei baldintza batzuk gehitzen dizkio, elikagai horiek bereiztuz. Honen inguruan, Arantza Eguskizak, Kontseiluko lehendakariak, zera adierazi zuen aurkezpenean: «Bereizgarri honek produktuei aparteko balioa emango die. Elikagai ekologikoak, bertan ekoitziak eta kalitatekoak izango dira. Ekimen honekin elikadura ekologikoak aurrerapauso bat eman du».


Honela, Ekolurra bereizgarria daraman elikagaia ekologikoa da, lurrari lotua, nekazaritza-ekoizpen ekologikoaren onura guztiak eta kalitate berezitasuna ematen dioten bestelako ezaugarriak dituena.


Aldi berean, Ekolurra, ekoizpen eredu ekologikoa landa garapenaren mesedetan jartzeko ariketa bat da, koherentziaz betea eta bertako elikadura sistemara bideratua.

Zer dira elikagai ekologikoak?
Ekoizpena modu ekologikoan gauzatzen den lurretan lortutako elikagaiak dira elikagai ekologikoak, landare zein animalia jatorrikoak, freskoak zein eraldatuak. Ekologikoki ekoizteak lau printzipio hauek kontuan hartzea esan nahi du: osasuna, ekologia, arreta eta berdintasuna. Elikagai ekologiko, biologiko edo organiko izenarekin merkaturatzen dira, edota eko/bio aurrizkiekin.


EAEko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua, erakunde ofiziala da, eta elikagaietan zigilu ekologikoaren erabilera kontrolatzeaz eta baimentzeaz arduratzen da.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!