Urumea bailarako txoko guztietan egingo dute geldialdia Olentzerok eta Mari Domingik

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 24a, 00:00

Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrera Goizuetan, 2019ko Gabon Gauean.

Iritsi da, azkenean, urteko egun berezienetariko bat. Goizetik arratsaldera arte, Gabonetako protagonistak menditik jaitsi eta bisita egingo diete Astigarragako, Aranoko, Ereñotzuko, Goizuetako eta Hernaniko herritarrei.

Egun berezia da gaurkoa Euskal Herri osoko herritarrentzat. Izan ere, urte osoan lanean buru-belarri ibili ondoren, menditik herrira jaitsiko dira Olentzero eta Mari Domingi. Urumea bailarako herritarren egunerokoa gertu-gertutik jarraitu dute bi pertsonaia horiek, eta gaur, azkenean, Urumea ibaiak egiten duten bidea jarraituz, herri eta auzo guztietan egingo dute geldialdia.

 

Aranon, lehenengo geltokia

Lehenik, Aranora helduko direla aipatu dio Olentzerok Kronikari: «bizkarrean hartuko naute, eta 09:00ak aldera abiatuko gara etxez etxe, haurrak zein helduak, eta kantak abestuko ditugu Benta Berrin, goiko herrian, beheko herrian eta Suron». 

Goizuetan ez dute hutsik egingo. Xalto Eskolako Olentzeroren irteera izango da, 11:00etan, Ikastolako tabernatik abiatuta. Goizean ez ezik, arratsaldean ere izango dira herrian: «azkar ibili beharko dugu, baina 18:00etan iritsiko gara Plazara, eta kalejira egingo dugu frontoira iritsi arte».

Ondoren, Mari Domingik aipatu du Astigarragan egingo dutela geldialdia: «Santiomenditik barrena jaitsiko gara 11:00etan,  eta herriko kaleetan barrena ibiliko gara. Santio Zeharra kaletik behera herrira jaitsi, Herri Eskolako atarian haurrekin elkartu eta, kalejiran, trikitilariekin batera ibiliko gara Gabon kantak abesten».

Astigarragan amaituta, Ere­ñotzura bertaratuko dira. «Eguerdiko 14:15etan elkartuko gara eskolako patioan, entsegu txiki bat egin eta, gero, Gabon Eskean irtengo gara».

Zertxobait deskantsatuta, Her­­nani bisitatzeko ordua helduko da. Iparragirre sagardotegitik abiatuko dute erronda, 16:00etan. Gero, Gabriel Zelaia Plazan izango dira, 18:00etatik 20:00etara, haurren gutunak jasotzen. Tartean, 18:00etan, Tttarlak antolatuta, Kaxkotik egingo dute buelta eta, amaitzeko, 19:00etatik 20:30etara, udaletxeko arkupeetan izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!