Euskerazko komunikabideei laguntzak zabaltzeko eskatu du Hekimenek

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 23a, 00:00

Bingen Zupiria sailburuak eman zituen azalpenen ondoren, «ezinbestekoa da Covidaren ondorioei aurre egiteko», esan du Igor Astibia zuzendariak.

Bingen Zupiria sailburuak pasa den astean Legebiltzarrean eman dituen azalpenak entzun ondoren, Igor Astibia Hekimen elkarteko zuzendariaren arabera, «ezinbestekoa da Covid-19aren ondorioei aurre egiteko Jaurlaritzak emandako laguntzak gainerako euskerazko komunikabideei zabaltzea».

Hekimen Euskal Hedabideen Elkartea 2012an jaiotako elkartea da. Euskera hutsezko 50 bat hedabideren arteko erakunde bat da.

Aurreko astean Gasteizko Legebiltzarrean Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuak Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko Eusko Jaurlaritzak zenbait komunikabideri esleitutako laguntzen inguruan emandako azalpenak entzun ondoren, Igor Astibia Hekimen elkarteko zuzendariaren arabera, ezinbestekoa da laguntza horiek gainerako euskarazko komunikabideetara zabaltzea.

Hekimen elkarteko zuzendariaren esanetan, «ez dago ez-ohiko laguntza horiek eguneroko prentsara edo irratietara mugatzeko arrazoi objektiborik. Covid-19ak eragindako kalteak komunikabide guztiek pairatu dituzte eta pairatzen ari dira, bai eta euskerazko komunikabideak ere. Hortaz, ez da ulergarria laguntzak komunikabide batzuetara mugatzea. Laguntza horiek zabaldu egin behar dira, euskerazko komunikabideek ere Covid-19ak eragindako kalteei aurre egiteko laguntza behar baitute».

Astibiaren esanetan, «euskerazko komunikabideek pandemia garaian ahalegin berezia egin dute, ez bakarrik informazio-gaitasunari eusteko, baizik eta gaitasun hori indartzeko ere. Ahalegin berezia, bakoitzak bere esparruan pandemiak eskatzen zuen neurrian erantzuteko, eta herritarrek ahalegin hori eskertu dute. Ikusi besterik ez dago pandemia garaian nola haunditu den euskerazko komunikabideen kontsumo digitala. Horrelako laguntza puntualek edota berrikuntzari lotutako inbertsioek euskerazko komunikabideak kontuan hartzen ez badituzte, zaila izango da aurrera egitea».

Honegatik guztiagatik, Hekimen elkartetik «Eusko Jaurlaritzari berresten diogu bere garaian egindako eskaera, alegia, Covid-ak eragindako kalteak arintzeko helburuz onartutako laguntza hauek euskerazko gainerako komunikabideei ere zabaltzea», ondorioztatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!