Hernanin bizi den Nere Ibarzabal markina-xemeindarrak jantzi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela, pasa den larunbatean, Bilbao Arenan. Egun batzuk igaro eta gero, pozak bere horretan jarraitzen du. Komunikabidez komunikabide elkarrizketak eskaini ditu bertsolariak, eta Kronikarekin ere izan ditu hitz batzuk txapeldunak.
Nerea Ibarzabal zapore oso onarekin geratu da finaleko jardunarekin eta, noski, lorturiko txapelarekin. «Ordu asko pasa dira, baina, mentalki, oraindik ez. Oso gustura nago, joan zitezkeen gauza denak ongi joan ziren saioan zehar, eta hori asko da. Final bat ongi edo gaizki irteteko baldintza asko daude eta usten dut, egia esan, ez dudala kexatzeko inongo motiborik. Gozatu nuen eta poza ikaragarria izan zen».
Nerearen izena txapela irabazteko hautagaien artean zegoen, eta hori jakitun joan zen Bilbora. «Beste urteekin alderatuta, txapela irabazteko aukera gehiago nituela banekien. Bertsolari denak aurretik esan genuen finala nahiko zabala zela hasiera batean. Lehenengo eta bigarren finalekin alderatuta, aukera gehiago zeuden. Hala ere, kiniela egitea zaila zen. Txapelaren ideia buruan nenbilen, baina obsesio bihurtu gabe».
Jende ona eta bertsolari «brutalak» daudela dio txapeldunak, urte askotan hor dagoena, baina «sinistu gabe ezin da irabazi edo, behintzat, zeure buruan garaipenaren ideiak lekua izan behar du. Hori ere presente neukan, norberangandik hasi behar da sinisten, eta, batzuetan, kosta egiten da», azpimarratzen du bertsolari bizkaitarrak.
Txapelaz hitz egiterakoan eta Harry Potterren doinuarekin agur 'txundigarria' azaleratzekoan, Nerea Ibarzabalek Harry Potter zalea dela aitortzen du eta, dio, ohiko txapela baino egokiagoa izango zen «Hogwartseko kapela hautatzailea janztea. Nolanahi ere, azaldu duenez, Markinakoak ez zekien jendeak agurreko doinu hori ulertuko zuen edo ez.
«Finalaren aurretik, zenbaterainoko 'frikada' zen edo ez galdetzen nien ingurukoei, eta esan zidaten aurrera egiteko. Esan dudanez, niri asko gustatzen zait, eta poza hartu nuen jendeari ere gustatu zitzaiola ikustean». Are gehiago, doinua ezagutzeaz gain, Nereak magia egin zuela esan zuten askok. Hogwartseko eskola bakoitzaren onena hartuko zuen, ziurrenik. «Gryffindor eta Slytherin etxeetako nahasketa bat, hain justu», Nereak berak dioen bezala.
Hala ere, agurrak ezer gutxi esaten omen du txapelketari begira. «Gertatu izan zait agur polit batekin hasi eta lehenengo zortziko haundian sekulako hanka sartzea egitea. Gorputzaldi on batekin geratzen zara ikusten duzunean jendeari gustatu zaiola, baina, gero, inprobisatze ariketa beste bat da, eta hor ez duzu heldu lekurik».
«Aurretik ingurukoak gutxiago ikusten dituzu»
Garaipen baten gozatua ez du garaileak bakarrik izaten, ondokoek eta zaletuek ikaragarri gozatzen dute; eta Nerea Ibarzabalen ingurukoak ezin gustorago daudela dio. «Poz-pozik daude. Txapelketa hilabete batzuk aurretik hasten da eta umore txarrak, urduritasunak... ondokoek jasaten dituzte. Denbora gutxiago izaten duzu beraiekin egoteko, bertso-eskolan sartuta lagunak gutxiago ikusten dituzu, egia esan oso maitatua sentitu nintzen larunbat gauean Bilbon. Bertsolaritzaren ondorioz, betirako lagun bihurtu dira asko, eta zorte haundia dudala sentitu nuen. Borobil horretan, ni nintzen lotura bakarra eta munduko jenderik onenaz inguratuta nengoela nabaritu nuen. Bertsolaritzan, jende eder asko dago».
Txapelketak maila oso ona izan zuela uste du Ibarzabalek. «Lehia estua izan zen. Saioa ez duzu behar bezala entzuten, baina txalo leherketak nabaritzen ziren. Jendea oso bero zegoen».
Urumea bailaratik ere zorion eta animo asko jaso zituen Nerea Ibarzabalek. «Garin tabernan, adibidez, jende asko egon zen telebista ikusten eta txapelketa jarraitzen. Hori ez ezik, jakin badakit Hernanitik ere jendea Miribillara joan zela; txapelketa ondoren mezuak ere jaso nituen. Lehendabiziko egunetan, ez nion inori erantzun, eta, horregatik, ez nintzen ongi sentitzen. Pixkanaka ari naiz guztiak erantzuten saiatzen!».