Ekhi Oses (CD Hernani) infantil mailan eta Imanol Ormazabal (Mundarro) alebin mailan, Gipuzkoako Txapelketako finalera sailkatu dira aurreko asteburuan finalerdiak irabazi eta gero. Hernaniarrak finalerdia Bastidari (Azkoitia) irabazi zion bi jokotan 8-2, 8-4 eta finala ostiralean jokatuko du Lapkeko Munduateren kontra. Astigartarrak Behar Zanako Iparragirre gainditu zuen 2-0 eta honek finala igandean jokatuko du, 16:30etatik aurrera Azkoitiko Gurea frontoian Lapke taldeko Landaren kontra.
Trinketean Gurutzealde, Linares, Jara eta Azpeitia finalerdietara
Oier Azpeitia kadetea, Jon Jara jubenila eta John Linares eta Oier Gurutzealde astigartarrak Gipuzkoako Trinkete Txapelketako finalerdietan daude jadanik. Azpeitiak eta Jarak hirugarren garaipena jarraian lortu dute eta finalerdia jokatzeko sailkatu dira, sailkapen fasea amaitzeko bi partida falta direnean.
Gurutzealdek galdu egin zuen, baina sailkaturik zegoen eta bigarren mailan Linaresek Ekaitz Cisneros (Hernani) 40-18 gainditu zuen eta finalerdietarako txartela lortzeko partidu erabakigarria irabazi zuen.
Iñigo Labakak lehenengo mailan 40-26 galdu zuen Urruzolaren (Pagazpe) aurka eta aste pare bat barru jokatu beharko du jaitsierako partida erabakiorra.