Gabonak ate joka ditugu, eta Eguberri bezperan, bailarako herri guztietara hurbilduko dira Olentzero eta Mari Domingi. Hiru egun geratzen dira horretarako eta, gero eta gertuago ditugu Euskal Herri osoan hain kuttunak diren pertsonaia hauek.
Astigarragan, Santiomenditik barrena jaitsiko dira Olentzero eta Mari Domingi 11:00etan, eta herriko kaleetan barrena ibiliko dira. Santio Zeharra kaletik behera herrira jaitsiko dira eta herri eskolako atarian haurrekin elkartu eta kalejiran trikitilariekin batera ibiliko dira beraiekin kantak abesten.
Hernanira arratsalde partean azalduko da ikazkina. 18:00etan kale buelta egingo du Kaxkotik Ttarlako umeekin. Dantza taldekoek egungo osasun protokoloak beteko dituzte eta musukoak emango dituzte uneoro. 19:00etan, udaletxeko arkupeetan, Ttarlakoekin batera, egongo dira Olentzero eta Mari Domingi 20:30ak arte. Haurrek ilara egin beharko dute beraiekin egoteko, baina aurten ez dago hitzordurik, eta, gainera, maskarillak eraman beharko dira.
Florida inguruko haurrak asko mugitu ez daitezen, Gabriel Zelaia eraikinean ere Olentzero eta Mari Domingi egongo dira 17:30etatik 20:00etara haurren gutunak jasotzen.
Goizuetan, berriz, ilunabarrean, 18:00etan, ospatuko dute hauen etorrera. Plazara iritsiko dira, eta kalejira eginen dute herrian barrena, frontoian bukatzeko. Bertan elkartuko dira haurrekin, gutunak jaso eta goxokiak banatzeko. Hemen ere segurtasun arauak bete beharko dira.
Aranon, Olentzero hartuta, ordu pare bateko buelta egingo dute. Urteroko ohiturari hutsik egin gabe, egun seinalatuak iritsi bezala jarri dute zita Aranon ere. Olentzero bizkarrean hartu, eta 09:00ak aldera abiatuko dira etxez etxe, haur zein heldu, eta kantak abestuko dituzte Benta Berrin, goiko herrian, beheko herrian eta Suron.
Ereñotzun ere egingo dute geldialdia. Eguerdiko 14:15etan elkartuko dira eskolako patioan, entsegu txiki bat egin ondoren irtengo dira Gabon Eskean.