Partidu ugari jokatuko dituzte bailarako esku pelotariek, asteburu honetan ere. Eta bereziki nabarmentzekoak izango dira bi. Batetik, Gipuzkoako Txapelketako finalerdia jokatuko du Ekhi Oses infantil hernaniarrak, gaur 16:30etan Hernanin kiroldegiko frontoian, Bastida azkoitiarraren aurka. Pelotari hernaniarra oso ondo aritu da txapelketa osoan zehar, eta gaur bere mailan aritzen bada, finalera sailkatu daiteke.
Eta bestetik, Baztango Txapelketaren finala jokatuko dute Ekhi eta Inhar Goñi astigartarrek. Iruritan daukate hitzordua bixkiek, eta benjamin mailako finala jokatuko dute 10:00etan.
Horrez gain, bihar 16:00etan Irurako trinketean, Ekaitz Cisneros hernaniarrak eta John Linares astigartarrak sailkapen faseko azken partidua jokatuko dute, elkarren kontra. Irabazten duenak bukatuko du beraien multzoko lider, ziurrenik.
Pelota eskolako Gabonetako Txapelketa, martxan
Horrez gain, bihar hasiko da Hernaniko pelota eskolako haurrentzat antolatu den Gabonetako Txapelketa, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Guztira 32 pelotarik hartuko dute parte.