Gogotik aritu dira lanean Zubipen, aste osoan zehar, zelaia bere onera bueltatu ahal izateko pixkanaka. Baina oso egoera txarrean geratu zen berdegunea, uholdeen eraginez; eta luze joko dute txukunketa lanek. Hortaz, asteburu honetan, kanpoan jokatuko ditu Hernanik, etxean jokatu beharreko partiduak ere: lau Villabonan, bi Usurbilen eta bat Zarkumendegin.
Usurbilgo Harane zelaian jokatuko dute Ohorezko Mailako mutil erregionalek, bihar arratsaldeko 16:00etan, Mutrikuren kontra. Sailkapenean elkarren segidan daude bi taldeak, berdeak hiru puntu aurretik; eta partidu berdindua espero da, futbol zelai neutral batean. Liga Nazionaleko mutil jubenilek, berriz, Villabonako Arratzainen jokatuko dute Zubipen zeukatena, Vasconia liderraren kontra, gaur arratsaldeko 16:00etan.
Aldiz, etxetik kanpo daukate asteburu honetakoa neskek, erregionalen Ohorezko Mailan; baina haiek ere ez dute jokatuko, behar zuen zelaian: Amaikak Baten kontra ariko dira, eta Debako zelaia ere uholdeek hartu zutenez, Mutrikun jokatu beharko dute, gaur arratsaldeko 18:00etan. Irabazi beharreko partidua daukate berdeek, ligako aurreneko postuetan sartzeko berriro, sailkapenean beherago dagoen talde baten kontra.
Mundarroko neskak, Zarkumendegin bihar
Bailarako talde nagusien artean, Mundarroko neskenak bakarrik jokatuko du etxean, Erregional Preferentean. Orioko hartuko du Zarkumendegin, bihar 17:45etan hasita. Lehia biziko partidua espero da, sailkapenean oso berdinduta baitaude biak: 23rekin hirugarren Orioko, eta 22rekin laugarren Mundarro. Mutil moreek ere, kontrario zuzen bat izango dute aurrean: Getariakoren zelaian ariko dira, Orioko Mendibeltzen, gaur 16:00etan. 17na punturekin daude.