Igaraba Urumearen behe eremuan, 75 urteren ostean

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 17a, 00:00
Itsas Enara eta Haritzalde elkarteak egin dute igarabaren filmazioa.

«Oso pozik» agertu da Aranzadi Zientzia Elkartea: «duela sei urte sortu genuen urmaela herritarrekin, eta sei urte ondoren emaitzak atera dira».

Duela astebete, Igaraba agertu da Urumearen behe eremuan. Aranzadi  Zientzia Elkarteak aditzera eman du duela gutxi arte igaraba iraganeko gauza zela Urumea behe eremuan: «Iyaraba edo ur-txakurra izenarekin ezagutzen zuten bertakoek. Eta lekukoen arabera 1940-50 inguruan ikusi zen azkena bailaran, Gure fauna eta florari begira liburuak dioen moduan».

Igaraba Euskadin galtzeko arriskuan dagoen espeziea da eta duela urte gutxira arte, Gipuzkoan desagertutzat ematen zen. 75 urte ostean, Urumearen behe eremuan agertu da, eta pozez lehertzear dago Aranzadi Zientzia Elkartea.

 

«Oso pozik gaude, urte askoren ikerketaren emaitza baita»

Duela astebete jakin da, berriz ere bueltatu dela Igaraba Urumeara. Hori horrela, Iñaki Sanz-Azkuek azaldu du «oso-oso pozik» daudela: «Aranzadi Zientzia Elkarteak Hernaniko eta Ereñotzuko herritarrekin eta auzotarrekin batera sortutako urmael batean izan da filmatua. Guretzat garrantzitsua da, izan ere, hasiera batean, herritar batzuk ez zekiten zertarako sortu genuen putzua. Eta hortik sei urtetara, emaitzak ikusten hasi gara. Horrek erakusten du horrelako proiektuak, nahiz eta epe luzera izan, emaitzak ematen dituztela».

Orain arte izandako euriteengatik, Aiako Harri inguruan eta Urumea ibaiaren arteko urmael batean azaldu zen igaraba, eta albiste oso ona dela dio Sanz-Azkuek: «desagertzeko arriskuan dagoen espezie bat da, eta printzipioz desagertzeko arriskuan egonda ere, bertako ingurumena asko hobetzen ari denaren adierazle da. Normalean, espezie honek, behar izan zehatz batzuk izaten ditu, alegia, kalitateko errekak, kalitateko basoak, kalitateko ibar-basoak...» Beraz, Aranzadik ondorioztatu du, espezie hau etortzeak, ingurunea hobetzen doalaren seinale dela. «Espezie bioindikatzaile bat da agertu den igaraba».

 

Zergatik azaldu da Urumea behe eremuan igaraba?

Igaraba, ibaian edo errekan arrantzan ibiltzen den espeziea da, «batez ere arraiak jaten. Noizbehinka anfibioak ere jaten ditu» dio Sanz-Azkuek. Aranzadiren ustetan, zaila edukiko zuen igarabak arrantzatzea: «urak oso maila altua hartu zuelako eta oso marroia zetorrelako ibaia. Ondorioz, urmaelera etorri da, baso-igel gorriak harrapatzera. Erabili du putzu hau elikatzeko».

 

«Argiak itzaltzean, bizia pizten da bailaran»

Itsas Enara Ornitologia Elkarteko eta Haritzalde Naturzaleen Elkarteko kideen laguntzaz, igarabaren gaueko filmazioa egin da, Urumea ibaia eta Aiako Harria Parke Naturalaren artean dagoen mikrohezegune batean.
Aranzadik aipatu du 2005etik naturari lotutako hainbat ikerketa eta kudeaketa lan egin dituela: «Guztira, 15etik gora izan dira garatu diren proiektuak, eta emaitzak agerikoak dira».

Itsas Enara eta Haritzalde elkarteak egin dute igarabaren filmazioa: 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!