Eguberrietako doinuak gaur, bihar eta etzi, Gabonak ate joka dauzkagula iragartzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 17a, 00:00

Eguerdiko 12:00etan hasiko da Eragiyoken emanaldia, etzi.

Etzi, eguerdiko 12:00etan, Eragiyok abesbatzak kontzertua eskainiko du Astigarragako Andre Mari elizan. Edonork du aukera bertaratzeko, sarrera doakoa baita. 

Eguberrietako doinuak, emanaldiak eta umeentzako hainbat jarduera eta jolas antolatu dira astebururako. Mota guztietakoak izango dira Urumea bailaran gauzatuko diren ekintzak, eta horietako bat Erradikalak ginen emanaldia izango da. Gaur arratsaldeko 19:00etan jarri dute hitzordua Kulturarteko Plaza Feministan, eta protagonista izango dira Ane Labaka Mayoz eta Beatriz Egizabal Ollokiegi. Bertaratzeko, aldez aurretik sarrerak lortzea beharrezkoa dela aipatu dute Kulturarteko Plaza Feministako koordinatzaileek. Eta azaldu dute hiru bide daudela: Kulturarteko Plaza Feministan bertan, 943 33 70 17 telefonora deituta edo kulturartekoplazafeminista@hernani.eus helbidera mezua idatzita.
Herriko gazte eta txikiek ere izango dute entretenitzeko aukera gaurkoan. Izan ere, Zelabide Auzo Elkarteak, Santo Tomas eguna ospatuko du Gabriel Zelaian, eta arratsaldeko 17:30etan, puzgarriak jarriko dituzte haurrentzat. Arratsaldeko 19:30ak arte izango da aukera puzgarrietan ibiltzeko, beraz, ez galdu aukera. Horrez gain, bertaratzen direnentzat, arratsaldeko 18:00etatik 21:00ak arte, txistorra jateko parada egongo da, eta edaririk ez da faltako. Hilaren 24an, Olentzero eta Mari Domingiren bisita izango dute Zelabideko auzotarrek, eta puzgarriak ere jarriko dituzte Gabriel Zelaian, 17:30etatik 20:00ak arte. 
Jolas eta algarez gain, Astigarragako Musika Eskolako ikasleek, gaurkoan pianoko bi entzunaldi eskainiko dituzte: arratsaldeko 17:30etan hasiko da lehena, eta bigarrena, arratsaldeko 19:00etan, Musika Eskolan. Halaber, biharko ere piano kontzertutxo bat eskainiko dute, eguerdiko 12:30etan, Musika Eskolan. 

Bihar, Eguberri doinuak nagusi
Doinuak ez ezik, Hernaniko Eskola Kiroleko umeek,  altxorraren bila arituko dira jolasean herrian barrena. Bihar goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, Atsegindegin.  Horrez gain, arratsaldean, Antziola Kafetegian, Olentzeroren bisita izango dute arratsaldeko 17:00etan eta bertaratzeko gonbitea luzatu diete, auzoko eta herriko haurrei. 

Arratsaldeko 18:00etan, San Joan Konpartsak hartuko du lekukoa. Izan ere, Erromeria baten bueltan bilduko da, Jeiki Hadi taldearekin batera. Arratsaldeko 20:00ak arte iraungo du Erromeriak, eta Atsegindegin izango da.

San Joan Konpartsak eta Jeiki Hadi taldeak eskainiko duten emanaldia amaituta, Eguberrietako kontzertuari emango zaio hasiera, Hernaniko Musika Bandak eta Salvador Paradak prestatutako doinuekin. Udaletxeko arkupeetan izango da. 

Etzi, Eragiyok
Iganderako, Eragiyok abesbatzak, zita jarri du Astigarragako Andre Mari elizan. Eguerdiko 12:00etan hasiko da kontzertua, eta urtean zehar landutako obra berrien hautaketa egin du abesbatzak, hain justu. Lehen zatia abesti errusiarrez osatuta dago: «jakina da Euskal Herrian, beste hainbat tokitan bezala, kantu errusiarrek pizten duten ikusmina». Bigarren zatian euskal musikak izango du protagonismo haundiena, izan ere: «Kitolis, Maitasun atsekabea eta kanta berriak entzun ahal izango dira» eta amaitzeko, Eragiyoken historia laburrean garrantzi nabarmena izan duten eta garaikoak diren Gabon abestiak ere kantatuko dituzte. 

Halaber, kontzertuak Astigarraga Ehuntzen proiektuarekin bat egingo duela aipatu dute Eragiyokeko kideek: «Zailtasunak zailtasun, Eguberri bezperan sagardotegitik sagardotegira kantuan eta Olentzero eramaten ibiltzen den lagun taldearekin egon dira eta horien hitzekin prestatutako bidea proiektatuko da». 

Kontzertu honen ostean, abenduaren 26an, eskainiko dute bigarren kontzertu bat. Oreretan izango da eta Gabon Abestien Sariketak 75. urteurrenean aurreko edizioetako irabazleak bilduko ditu ekitaldian. Urtarrilaren 8an berriz, Donostiako San Inazio elizan ariko da kantuan, Astigarragako Eragiyok abesbatza. 

Etzi Hernaniko Txistu taldeak kontzertua eskaini behar zuen, baina Eusko Jaurlaritzak emandako azken arauak kontuan hartuz, bertan behera uztea erabaki dute. Hala ere, igande eta jai egunetako goizetako dianak aurrera jarraituko duela aipatu dute.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!