Maialen Rohrbach eta Enaitz Goñi, txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 14a, 00:00

Astigarragan bizi diren bi igerilariak Euskal Herriko Kopan nagusitu dira Bidasoa eta Tolosaldea taldeekin. 

Tolosaldeak mutiletan eta Bidasoak nesketan irabazi dute Euskal Herriko Igeriketa Kopa. Irungo Azken Portu igerilekuan jokatu zen asteburuan eta Tolosaldeako partaide izan da Astigarragan bizi den Enaitz Goñi hernaniarra eta Bidasoakoa Maialen Rohrbach ergobitarra. Hau honela, bi igerilariak txapeldun geratu dira beraien taldeekin Euskal Herriko kopan.


Kopan Euskal Herriko zortzi talde onenek hartzen dute parte eta urteko txapelketarik garrantzitsuenetakoa da lurralde mailan. Talde bakoitzak proba bakoitzean bi igerilari uretaratzen ditu eta postuaren arabera puntuak jasotzen dituzte.


Enaitz Goñi eta Maialen Rohrbach erabakiorrak izan ziren beraien taldeentzako. Bidasoako neskek alde haundiarekin irabazi zuten eta hori lortzeko Rohrbachen partaidetza garrantzitsua izan zen eta 50 bizkar eta 100 estiloko probetan garaipena lortu zuen, puntu mordoa bilduz, eta 100 bizkarren hirugarren sailkatu zen. Gainera Bidasoarekin errelebo guztietan parte hartu eta irabazi zuen.


Tolosaldea eta Bidasoaren arteko borroka mutiletan azken bi probetan erabaki zen eta hor Enaitz Goñiren partaidetza erabakiorra izan zen 400 metro libreetan garaipena lortuz. Gainera 4x200 metrokoan ere garaipena lortu zuten puntu erabakiorrak eskuratuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!