Garaipen garrantzitsuak Hernanik eta Mundarrok, kontrario zuzenen aurrean

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 14a, 00:00

Bereziki fin aritu zen Audicana hernaniarra, Bergara Soraluzeren kontra.

Etxean jokatu zuten mutilen bi taldeek: 50-40 menderatu zuen Hernanik Bergara, eta 64-55 Mundarrok Take.

Primerako asteburua izan da, bailarako saskibaloi talde nagusientzat. Mutilen taldeek bakarrik jokatu dute, Gipuzkoako lehenengo mailan, Mundarroko nesken partidua atzeratu egin baitzen. Eta jokatutako bietan, garaipen garrantzitsua lortu zuten, etxean: Hernanik 50-40 irabazi zuen Bergara Soraluzeren kontra, eta Mundarro 64-55 nagusitu zen Takeren kontra. Kontrario zuzenak ziren biak, liga­ko sailkapenean; eta emaitza horiei esker, aurrea hartu die Hernanik, eta garaipen bateko aldea Mundarrok.


Hernaniko kiroldegiko partiduan, bigarren eta hirugarren laurdenean lortu zuen abantaila etxeko taldeak, garaipena eskuratzeko. 12na berdinduta bukatu zuten aurreneko laurdena, 1-7 atzetik hasi ondoren; eta atsedenaldira iritsi aurretik hautsi zuten partidua, 27-18 aurreratuta. Lortutako aldea haunditu egin zuten aldageletatik bueltan (39-25); eta beste horrenbeste egin zuen azkeneko laurdenean: 50-29 ere izan ziren aurretik, eta azkeneko hiru minutuetan bakarrik murriztu zuten tartea kanpokoek, partidua guztiz erabakita zegoenean. Audicana hernaniarra aritu zen bereziki fin, 14 puntu sartuta, guztiak partiduaren erdialdera, Hernanik abantaila lortu zuenean.


Hernanik baino lehenago lortu zuen tartea Mundarrok, bere partiduan, Takeren kontra. Hasieratik izan ziren nagusi, eta 9-2 aurreratu ziren lehenengo lau minututetan. Lehia berdindu egin zen pixka bat, ondoren, eta 19-14 bukatu zuten aurreneko laurdena. Baina bigarrenean, erabat hautsi zuten partidua astigartarrek: 41-24 iritsi ziren atsedenaldira. Aldeari eutsi zioten hirugarrenean (55-39), eta az­keneko minutuetan bakarrik gerturatu zen talde tolosarra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!