Garaipen ederra Mundarroko neskek, eta porrot gogorra mutilek

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 14a, 00:00

Nagusitasunez irabazi zion Mundarrok Antigua Luberriri, Donostiako Berion.

0-3 nagusitu ziren neskak Donostian, eta 0-2 galdu zuten mutilek etxean. Hernaniko bi talde nagusien partiduak, atzeratuta.

Behar baino partidu gutxiagoko asteburua izan da joan dena, bailarako taldeentzat, uholdeen eraginez. Izan ere, atzeratu egin ziren Hernaniko bi talde nagusien partiduak: Zubipen jokatu behar zuten neskek, eta Deban mutilek, Ohorezko Erregional Mailan; eta bi zelaiak zeuden egoera txarrean.


Jokatzeko aukera izan zuten, aldiz, Mundarroko bi talde nagusiek. Etxean jokatu zuten mu­tilek, eta kanpoan neskek, Erre­gional Preferenteetan; eta oso bestelako emaitzak lortu zituzten. Nesken taldeak garaipen ederra lortu zuen Donostian, Antigua Luberriren zelaian. Moreak nagusi izan ziren Berion, sailkapenean askoz ere beherago dagoen talde baten kontra; eta markagailuan islatu zen hori: 0-3 irabazi zuten, hiru puntuak ekartzeko.


Mutilek, ordea, porrot gogorra jaso zuten Zarkumendegin, Danenaren kontra (0-2). Zizurkilgo taldea hasieratik aritu zen hobeto, eta bigarren baloi gehienak eskuratu zituzten, gainera. Horri esker, gol aukera asko izan zituen Danenak, eta horietako bitan asmatu egin zuen, markagailuan aurrea hartu eta atsedenaldira bi goleko abantailarekin iristeko. Aldageletatik bueltan egin zuten saiakera moreek, aurreneko gola egin eta partiduaren lehian sartzeko berriro; baina ez zuten horretarako biderik topatu, zizurkildarren sendotasunaren aurrean.


Hernaniko mutil jubenilek bai, izan zuten Liga Nazionaleko partidua, Donostian, Arrupe Chaminaderen zelaian. Partidu gogorra izan arren, kontrarioari aurre egiteko gai izan ziren berdeak, baina galdu egin zuten azkenean (2-1)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!