Esperantza, indarra eta osasuna 2022rako

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 11a, 00:00

Ereñotzu, Astigarraga, Goizueta, Hernani eta Aranoko alkateek 2021 urtea zaila izan dela azpimarratzen dute eta 2022rako desiorik onenak opa dizkiete euren herrikidei. 

UNAI ERROITZENEA
EREÑOTZUKO ALKATEA

«Baliatu dezagun krisialdi hau gizarte bezala indartuta ateratzeko»

«Konturatzerako, aurtengo urtea agurtzeko eta urte berriari ongi etorri emateko garaia iritsi da. Luzaroan gogoratuko dugu 2021. urtea, 2020.ena bezelaxe; ia bi urte dira Covid-19ak eragindako pandemia hasi zela. Gogorra doa, adinekoentzako batez ere; etxeko txikienentzat ere ez dira garai xamurrak. Hala ere, aurrera begira jarri nahi genuke. Baliatu dezagula krisialdi hau gizarte bezala indartuta ateratzeko, komunitatea sendotzeko, auzoa aktibatzeko, auzo bizi bat egiteko.

Datorren urtean ere Auzo Udala eta herritarren arteko elkarlanerako aukera izango da; bidelagun izan nahi zaituztegu. Horregatik guztiagatik, gabon zoriontsuak opa dizkizuet Ereñotzuko Auzo Udalaren izenean eta bete daitezela 2022. urtean zuen desiorik onenak».

 

 

UNAI MIRANDA
GOIZUETAKO ALKATEA

«Urte berriari eskatzen diogu osasun egoera egonkortzea»

«2021 ezinbestean Covid-19ak baldintzatu du. Goizuetan elkar zaintzeko joera ez da berria, eta honek pandemia hau errazago pasatzen lagundu digu. Elkarrekin eta elkar zainduz. Zaintza honetan herritarrei eskerrak emateaz gain osasun etxeko langileei ere eskertu behar diegu egiten duten lana. Udal jarduerari dagokionez, urteko ekitaldi batzuk bertan behera gelditu diren arren, egin direnak oso ongi joan dira, udaletik  eskerrak eman nahi dizkiegu ekitaldi hauek behar bezala egiteko lan egin duten guztiei, eta egunerokotasunean neurri hauek bete zitezen lan egin duten guztiei, herriko komertzio, eskola, taberna, jatetxe, elkarte, eta abar.

Urte berriari eskatzen diogu oro har osasun egoera egonkortzea, berriro ere lagun artean lasai elkartzeko aukera edukitzea eta Goizuetar guztiok gure ametsak betetzeko aukera izatea».

 

 

 

XABIER URDANGARIN
ASTIGARRAGAKO ALKATEA

«Aurtengo Gabonak ere goza ditzakegu, ahal den moduan; zaindu dezagun elkar»

«Gabonak, oporrak, atseden hartzeko egunak. Lagunekin, familiarekin edo lankideekin mahai inguruan bildu eta berriketan aritzeko egunak. Urtean zehar egun seinalatu asko ditugu, tamalez aspaldion bazterrean utzi behar izan ditugunak, halabeharrez. Pandemiaren azken ostikadak izango zirela uste genuen, baina errealitatea gordina da eta aurtengo Gabonen atarian gorri-gorrian ditugu zenbaki, semaforo eta adierazle guztiak. Dena pikutara bidali eta betikoa egiteko tentazioa handia da, handiegia. Nekearen eta ezinaren lanak. Bi urte daramatzagu ia 'ezin da' entzuten. Asko da. Baina ezin dugu etsia hartu. Aurtengo Gabonak ere goza ditzakegu, ahal den moduan. Zaindu dezagun elkar».

 

 

XABIER LERTXUNDI
HERNANIKO ALKATEA

«Oraingoan bai, esperantza izan dezagun datorrena hobea izango dela»

«Beste behin ere urtea bere amaierara iritsi zaigu eta ziurrenik denoi ere uste baino azkarrago. Aurtengoa 2020a baino lasaiagoa izango zela uste genuen, baina zoritxarrez ez da hala izan. Urte amaiera, normalean, balorazioa egiteko momentutzat hartzen dugu. Urte zaila izan da, besteak beste, pandemiak sortu dituen ondorioengatik. Horrek guztiak zer ikasia eman behar digu. Hala eta guztiz ere, gauza positiboak ere izan dira eta horietan zentratu behar dugu aurrera egiteko. Askorentzat data bereziak izango dira datozen egunak. Urte berri bati hasiera emango diogu laster eta, oraingoan bai, esperantza izan dezagun datorrena hobea izango dela. Urte berri on denei».

 

 

JOXEAN RUIZ
ARANOKO ALKATEA

«Gabonetan ere, ongi ospatu bai, baina tentuz aritu»

«Gogorra izan da aurtengo urtea ere, pandemiaren eraginez. Baina sufritu dugun arren, ondo gaude. Hori horrela da, txintxo ibili garelako aranoarrok, beharrezko neurriak hartuta. Izan ditugu garai zailak, baina guztion ahaleginari esker, ondo eutsi diogu pandemiari.

Ez dugu festarik eta bestelako ospakizunik izan beste behin; eta Gabonetan ere, ongi ospatu bai, baina tentuz aritzea eskatu nahi dizuegu. Guztion artean lortuko dugu honetatik ateratzea; eta espero dugu, datorren urtean bai, izango dugula aukera, gainerako festak bezala, Gabonak ere normaltasunez ospatzeko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!