Ostegun arratsaldean, oso azkar egin zuen gora Urumea ibaiaren mailak, bi metroko altuera gainditzeraino, Ereñotzuko estazioan. Eta egoera lasaitu baino, larriagotu egin zen gauean: 2,87 metrora iritsi zen, eta ibaia atera zen bailarako toki askotan. Horrela esnatu ziren, urak hartuta, Astigarragako Pelotari kalea, Martuteneko sarrerako errotondako inguruak, Andre Gobadarien ibai parkea, Ergobiko ibai bazterreko pasealekua, ibaiaren bestaldeko baratzak, AHTaren obrak... Okendotegi auzoan, urez inguratuta zeuden etxeak, eta mangerekin saiatu ziren ura etxe barrutik ateratzen. Suhiltzaileen laguntza behar izan zuten bertako bizilagunek, etxetik ateratzeko.
Hernanin, urez erabat bete ziren Landareko eta Zubipeko zelaiak, eta Karabeleko eta Portuko baratzak, errepidearen alde batean zein bestean. Bi auzoen arteko errepidea bera, eta bidegorria, itxita egon zen, herriko beste hainbat bide bezala.
Eta arazo horiexek izan zituzten, Hernani eta Goizueta arteko errepidean ere. Ibaia atera zen Fagollagan, eta itxita egon zen errepide nagusia bertan. Eta berdin gertatu zen, ostegun iluntzetik, Olatxoko zubiarekin, Goizuetan. Ibaiak gainezka egin zuen, eta errepidea hartu zuen bertan, trafikoa oztopatuz. Horren ondorioz, eskolara joan ezinik geratu ziren Aranoko haurrak, eta lanera joan ezinda beste hainbat herritar.
Prezipitazioak gaur ere, eta Añarbe ia goraino beteta
Euri gutxiago izan zen atzo goizean zehar, eta horri esker, 2,6 metro inguruan egonkortu egin zen ibaiaren maila, baina askoz ere gehiago jaitsi ezinik. 2,466 metrokoa izan zen minimoa, arratsaldeko 17:40etan; eta hortik aurrera, berriro egin zuen gora. Aurreikuspena ez zen baikorragoa: iluntzeko 19:00etatik aurrera, prezipitazioak ugaritu eta egoerak okerrera egitea espero zen, gauean zehar.
Gainera, ia goraino beteta zegoen Añarbeko urtegia, atzo eguerdi partean. Bere edukieraren %97,7ra iritsi zen, eta goizean 10 metro kubiko segunduko hustutzen ari bazen, haunditu egin behar izan zuen emaria. Arratsaldean, 56 metro kubiko segunduko emariarekin ari zen urtegia hustutzen, eta apenas lortu zuen tokia egitea, urtegira sartzen ari zen euri kopurua ere haundia zelako. Añarbek berak jakinarazi zuenez, ostegunean 100,2 litro euri pilatu zituen metro karratuko; eta atzo iluntzeko 19:00ak arte, 44,3 litro zeuzakan pilatuta, metro karratuko.
Gauerako espero ziren prezipitazioek, segida izango dute gaurko egunean ere, iragarpenen arabera. Eta beraz, gauean zehar sortutako arazoek, konponbide zaila izango dute egunean zehar. Biharko dago aurreikusita eguraldiak hobera egitea, eta ateri eustea. Baina ibaiaren maila ikusita, eta Añarben pilatutako urarekin, ez da berehalakoan bueltatuko egoera bere onera, bihartik aurrera euriak atseden hartuta ere.