Bigarren garaipena lortu dute Barrenetxeak eta Goikoetxeak, Binakakoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 7a, 09:13

Hernaniarrak eta urnietarrak 40-25 irabazi zuten larunbatean, Segurolaren eta Larrañagaren kontra; eta dagoeneko ziurtatu dute semifinaletara pasea.

Larunbatean jokatu zuten ligaxkako hirugarren partidua, Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Ander Goikoetxea urnietarrak, Binakako Txapelketan; eta irabazi egin zuten, Segurolaren eta Larrañagaren kontra (40-25). Bigarren garaipena dute hori, eta dagoeneko 9 puntu dauzkate ligaxkan. Horrela, semifinaletara pasea ziurtatu dute.

Izan ere, ligaxka jokatzen ari diren bost bikoteetatik, lau sailkatuko dira hurrengo fase horretara. Oso urruti dauzkate azkeneko bi bikoteak, Juanenea eta Aizpuru III puntu bakarrarekin, eta Segurola eta Larrañaga punturik gabe. Eta horiek, elkarren kontra ariko dira ostegun honetan.

Jaun eta jabe izan zen Barrenetxea, larunbateko partiduan; eta 24 tanto egin zituen guztira: bederatzi sakez, eta beste 15 jokoan. Akatsak, berriz, bost besterik ez zituen egin: bi falta saketik, eta beste hiru huts jokoan. Goikoetxeak ere ondo lagundu zion, 11 tanto egin eta bost galduta. Ausart aritu zen urnietarra, eta bereziki asmatu zuen bi paretak egiten.

Hasieratik izan ziren nagusi, jokoan eta markagailuan. 8-3 eta 14-7 aurreratu ziren, eta aldea haunditu zuten pixkanaka, 10 tanto inguruko aldearekin jartzeraino. Horrela iritsi ziren 36-25ekora, eta Barrenetxeak eta Goikoetxeak egin zituzten hurrengo lau tantoak. Horrela, 25 tantotik pasa ez zirenez, puntu negatibo bat jaso zuten Segurolak eta Larrañagak, sailkapenean.


Susperregi oiartzuarrak maila ona eta garaipena, debutean

Larunbatean bertan, egun haundia izan zuen Susperregi oiartzuarrak ere. Debuta egin zuen profesionaletan, eta 35-25 irabazi zuen, Labakarekin batera, Urrutia II eta Odeiren kontra. Lasai aritu zen jokoan, eta maila ona eman zuen oiartzuarrak.

Jaialdiko hirugarren partiduan, berriz, Aritz Zubiri goizuetarra aritu zen, maila haundiko partiduan. Eta Ansa II urnietarrarekin batera, 40-36 irabazi zuen goizuetarrak, Urrizaren eta Zalduaren kontra.


Barrenetxea eta Zubiri elkarren kontra, ostegun honetan

Etzirako jarri dute hurrengo hitzordua, Galarretan; eta hiru partiduko jaialdia izango da, arratsaldeko 16:30etan hasita. Bigarrenean jokatuko dute Binakako Txapelketako partidua, Segurolak eta Larrañagak, Juanenea eta Aizpuru IIIren kontra. Horren aurretik, Zaldua II eta Odei ariko dira, aurrean Susperregi eta Martirena dituztela. Eta hirugarren partiduan, elkarren kontra ariko dira Endika Barrenetxea eta Aritz Zubiri. Loitegirekin ariko da Barrenetxea, eta Ansarekin Zubiri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!