Garaipen erosoa lortu zuten Hernaniko neskek, Urnietan

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 7a, 00:00

0-6 nagusitu ziren, bigarren zatiaren hasieran lau gol sartuta oso minutu gutxiko tartean.

Ohi baino futbol partidu gutxiago izan dira asteburu honetan, jaiegunak zetozela eta; baina ez dute atsedenik hartu, Hernaniko eta Mundarroko talde nagusiek. Guztiek jokatu dute, baina oso emaitza ezberdinekin.

Hernaniko neskek, esaterako, garaipen erosoa lortu zuten Urnietan (0-6), Ohorezko Erregional Mailan. Hasieratik izan ziren nagusi zelaian, baina gol bakarra lortu zuten aurreneko zatian, Urnietak defentsako lane­an jarri baitzituen indarrak. Bigarren zatiaren hasieran, baina, lau gol lortu zituen Hernanik, minutu gutxiko tartean.

Mundarroko nesken taldeak, berriz, galdu egin zuen Antiguoko liderraren zelaian (4-2), Erregional Preferenteetan.

Eta mutilen bi talde nagusi­ek, berdindu egin zuten asteburuko partidua. Hernanik Elgoibar liderra hartu zuen Zubipen, Ohorezko Erregional Mailan, eta puntu garrantzitsua lortu zuen (2-2), partidu gogorrean.

Mundarrok, berriz, Billabonan zeukan hitzordua Erregional Preferenteetan, Arratzain zelai txikian; eta ezin izan zuen garaipena lortu, azkenaurreko sailkatuaren kontra (0-0). Partidu borrokatua izan zen, eta intentsitate haundikoa, hasieratik. Baina bi taldeak kontrarioaren atera gerturatu arren, ez zen gol aukera garbirik izan aurreneko zatian. Bigarrenean ere, erritmo bizia izan zuen partiduak, baina partidu osoan zehar egin zuen euriak, neke haundia eragin zuen jokalariengan. Gol aukera garbi bana izan zuen talde bakoitzak, baina bikain aritu ziren atezainak, eta hutsean bukatu zen partidua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!