Bailarako egileak ere protagonista, Durangon: kontzertuak, liburu aurkezpenak, proiekzioak...

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 5a, 00:00

'Gure faunari eta florari begira' liburua, Durangoko Azokan, Alberdaniaren postuan.

Beste urte batez, Urumea bailarako makina bat egile izango dira Durangoko Azokan, datorren asteazkenera arte. Postuak jarri dituzte batzuek, eta beraien lanak aurkeztuko dituzte beste hainbatek, formatu ezberdinetan.

Atzo hasi zen Durangoko Azokaren 56garren edizioa, eta asteazkenera arte izango ditu ateak zabalik, euskal sormenaren era­kusleiho nagusiak. Joan den urtean modu digitalean bakarrik egin ondoren, aurrez aurrekoarekin bueltatu da aurten, nahiz eta internet bidez ere baden aukera (asteartera bitartean). Azo­­kara gerturatzeko asmoa du­enak, hori bai, aldez aurretik eskuratu behar du doako sarrera, durangokoazoka.eus webgunean. Ordu eta erdiko txandak antolatu dituzte, eta horietako askotan, dagoeneko agortu dira sarrera guztiak.

Edonola ere, aukera badago oraindik, eta bertaratzen denak, Urumea bailarako egile ugari topatuko ditu bertan. Postuetan egongo dira horietako batzuk. Esaterako, Uxue Amonarriz eta Aitor Huizi hernaniarren Huntza taldeak jarri du postua bertan. Hainbat hernaniar izango dira Argia aldizkariaren postu­an ere, eta bertan egongo da eskuragarri Xapoketan puzzlea, Euskal Herriko animaliei buruzkoa, Iñaki Sanz-Azkue hernaniarrak eta Eñaut Aiartzaguenak egindakoa. Sanz-Azkuek berak, liburu bat ere badauka azokan eskuragarri: Gure faunari eta florari begira egongo da Alberdaniaren postu­an, Eñaut Agirrerekin batera egina eta Doberak argitaratua.

Aurkezpen eta emanaldiak, asteazkenera bitarte

Baina postua jarri bakarrik ez, aurkezpen saioak eta emanaldiak ere egingo dituzte bailarako egileek, Durangon. Agirrek eta Sanz-Azkuek, esaterako, asteazkenean aurkeztuko dute liburua, 17:30etan Talaian. Eta egun berean, Belarri bero, bai esan? miniseriea eskainiko du Hernaniko Zehar Kablea taldeak, 12:00etatik 14:00etara Irudienean.

Baina hori baino lehen, gaur bertan daukate hitzordua beste hainbat hernaniarrek. Horietako hiruk, Ahotsenean: Kilimak taldeak Euskal Herriko runba diskoa aurkeztuko du, 14:30etan; Uxue Apaolaza idazleak Bihurguneko nasa bere azkeneko liburuari buruzko solasaldia eskainiko du, 16:00etan; eta Maite Larburuk Krak diskoari buruzko solasaldia izango du, 19:30etan. Beñat Iturriozek eta Nagore Legarretak, berriz, Ibaia ez da toki bat ikus­entzunezkoa eskainiko dute, 11:00etan Irudienean. Bihar, berriz, Alaine Agirre as­tigartarrak izango du solasal­dia, Karena liburuari buruz, 13:30etan Ahotsenean. Eta Joan Mari Larrarte hernaniarrak elkarrizketa izango du, 17:30etan Talaian, Egun­karia, Gizarte zibilaren arrakasta liburuaz, Joan Mari Torre­al­daik hasi eta berak bukatu zuena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!