Manex Alberdik Gipuzkoako Txapelketako finalzortzirenak jokatuko ditu gaur goizean, Azpeitian

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 4a, 00:00

Oier Gurutzealdek gaur hasiko du Gipuzkoako Trinkete Txapelketa.

Atzo, Oier Arsuagak eta Ekhi Osesek izan zituzten norgehiagokak, eta, etxean zein kanpoan, hurrengo faserako pasea izan zuten jokoan. Gaurkoan, Alberdik Juaristiren aurka jokatuko du, 10:00etan hasita, Frontoi Txikin. 

Zubia izan arren, esku pelotan ere izango dira norgehiagokak asteburu honetan. Gainerako kirolen antzera, gehienak atzo jokatu ziren. Nolanahi ere, gaurkoan eta biharkoan ere izango dira txapelketak. Manex Alberdi hernaniarrak Azpeitin du hitzordua, goizeko 10:00etan, Frontoi Txikin, Azkoitiko Juaristiren kontra. Irabaziz gero, hurrengo faserako pasea lortuko du infantilak.  

Atzo, errendimendu mailan,  baita ere, Gipuzkoako Txapelketako bigarren mailan, Ekhi Oses pelotari hernaniarrak Amezketan jokatu zuen finalzortzirena. Zazpi Iturriko Fresnedaren aurka neurtu zituen indarrak. 

Bestalde, Oier Arsuaga hernaniarrak ere Gipuzkoako eskuz banakako txapelketako finalzortzirena jokatu zuen atzo,  Hernanin, Araungo Agirreurretaren aurka. 

Gipuzkoako Trinkete Txapelketa, martxan
Aipatutakoez gain, bada ere nabarmentzekoa den albisterik. Izan ere, Gipuzkoako Trinketeko Txapelketa hasiko da asteburu honetan, eta partiduak izango dituzte bailarako pelotariek. Hernaniarren kasuan, klubak 14 pelotari aukeratu ditu torneoa jokatzeko. Asteburu honetan, lehenengo norgehiagokak jokatuko dituzte Alberdi, Iturbe, Azpeitia eta Legarreta kadeteek,  eta Deskarga, Manterola, Alegria, Urdanpilleta, Jara eta Labaka seniorrek.

Bestalde, Mundarrok ere izango du egitekoa asteburu honetan. Hain justu, Oier Gurutzealdek, nagusien lehenengo mailan, Behar Zanako Esnaolaren kontra jokatuko du gaur, Irurako trinketean, arratsaldeko 18:30etatik aurrera. Nagusien bigarren mailan, berriz, bi partidu izango dira bihar, 16:00etatik aurrera, Iruran: Linaresek Azkoitia izango du parez pare; Mujikak, aldiz, Epleren kontra jokatuko du.   

Amaitzeko, bihar, kadeteen mailan, Zabala astigartarrak Billabonako Behar Zanako Otaegi izango du au­rrez aurre, 10:30etan, Iruran.
Gainerako pe­lotariek ostegunean eta ostiralean izan zituzten partiduak. Horiek ere, aurretik jokatutako gainerakoen antzera, zubia dela eta, aurreratu egin zituen Federazioak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!