Aurten ere, Olentzero eta Mari Domingi etxean egiteko lehiaketa antolatu du Kronikak

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 4a, 00:00

Joan den urteko Eguberrietan, Nekane Idarreta Mendiola izan zen lehiaketako irabazlea.

Abenduaren 18rako Sortzaileon Azoka antolatu du Kronikak, eta bertan emango da lehiaketako irabazleen berri. Postua jarriko duten sortzaileak izango dira epaileak, eta panpinak 10:00etatik 11:00etara bitartean utzi beharko dira azokan.

Dagoeneko hemen dira Gabonak, eta horrekin batera, maite ditugunekin pasatzeko momentuak, hala nola, familiarekin egoteko, lagunekin bazkari baten bueltan biltzeko, denok elkarrekin abestiak kantatzeko, sabelak betetzeko, eta  etxea argiz, kolorez eta alaitasunez konpainian apaintzeko.

Batzuk jarriak izango dituzte Gabonetako argiak, zuhaitza... Beste batzuk, ordea, oraindik ez dira biltegira jaitsi ere egin Gabonetako materiala gordetzeko kaxari hautsa kentzera. Eta horrexegatik, Kronikak etxea apaintzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, Olentzero eta Mari Domingi panpin lehiaketa sustatuz. Panpin hauek, elkarrekin zein bakarka egin daitezke, edo demagun, astoa egin nahi duzula, ba aurrera! Olentzerori eta Mari Domingiri buruzko eskuz egindako eskulan guztiak izango dira Kronikak antolatutako lehiaketan ongi etorriak.

Hala ere, oinarria da familian, lagunekin, bakarka edo nahi moduan, Olentzeroren edo Mari Domingiren panpina egitea, eskuz. Zuen buruetan seguru egongo dela ideia originalen bat. Sormena aske uztea da gakoa, izan ere, nahi moduan egin daiteke panpina, herritarren parte hartzea eta ongi pasatzea baita lehiaketaren helburu nagusia.

 

Panpin ederrak jaso genituen.


Arau finkorik ez 

Panpin lehiaketa honetarako ez  da arau finkorik ezarri. Ez dago tamaina, material edo estilo zehatzik. Erabili daiteke eskuragarri daukazun material oro, hala nola, etxeko trapu zaharrak, plastikozko botilak, birziklatutako papera,  lastoa, plastilina edo zuhaitzetatik erortzen diren hostoak. Animatzen zaretenontzat, gogoratu Mari Domingik eta Olentzerok dituzten ezaugarriez; besteak beste, txapela, xextoa, abarkak...

 

Hainbat gomendio

Panpinak egiteko lehenik, irudikatu zer egin nahi duzuen, eta horretarako argazkiak begiratu, ipuinen bateko irudia erreferentzia hartu eta pelikuletako karakterizazioak ere kontutan izan ditzakezue, besteak beste. Noski, sormena landu nahi izanez gero, zuen panpin propioa egin dezakezue, inolako erreferentziarik hartu gabe. Birziklatutako edo berrerabilitako materialarekin egin diren panpinak baloratuko dira.

 

Joan den urtean, berrerabilitako materialarekin egin zituzten panpinak.

Sortzaileon Azokan, entrega eta sari banaketa

Abenduaren 18rako Sortzaileon Azoka antolatu dugu Dobera-Kronikako lantaldeak, eta bertan amaituko dugu Olentzeroren eta Mari Domingiren panpin lehiaketa. Hori kontutan izanik, parte hartu nahi duenak Atsegindegin utzi beharko du lana 10:00etatik 11:00etara bitartean. Izan ere, Sortzaileon Azokak iraun bitartean, azokan bertan edukiko ditugu lanak ikusgai, eta eguerdiko 13:00etan jakingo dugu zeintzuk diren irabazleak. Hiru izango dira garaileak; helduen artean bat, txikien artean beste bat (12 urtera arte) eta zozketa bidez bestea (partehartzaile guztien artean).  Azokan postua jarriko duten sortzaileak izango dira lehiaketako epaileak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!