Auzitegi Gorenak baimendu egin du ziurtagiria eskatzea

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 00:00

Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi du koronabirus ziurtagiria eskatzea «egokia, beharrezkoa eta proportziozko neurria» dela, eta osasun larrialdia ezarriko da Euskadin. 

Espainiako Auzitegi Gorenak onartu egin du Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiaren kontra aurkeztu zuen helegitea (ziurtagiria ezartzea baimentzekoa);  eta, ezagutarazi berri denez, Gorenak baimendu egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere hainbat tokitan ziurtagiria exijitzeko eskaera. Urumea bailaran, beraz, eragina izango du erabakiak (Hernanin, Astigarragan eta Ereñotzun).


Eragina izango du, besteak beste, jatetxeetan, dantzalekuetan eta antzokietan

EAEko Auzitegi Nagusian joan den astelehenean, hilaren 22an, ebatzi zuen Eusko Jaurlaritzaren asmoak eskubideak urratzen dituela. Izan ere, Jaurlaritzaren eskaerak adierazitakoa aintzat hartuta, herritarrek ziurtagiria erakutsi beharko dute aisialdirako jarduerak eta dantza egiteko aukera eskaintzen dituzten lekuetan. Horien artean daude, esaterako, dantzalekuetan, musika emanaldiak eskaintzen dituzten aretoetan, musika-taberna edo antzokietan, karaokeetan, eta abar. Hori ez ezik, pub eta taberna berezietan ere eskatu nahi dute ziurtagiria, gaueko 22:00etatik aurrera. 

Horrekin batera, jatetxeei ere eragingo die neurriak. Hain justu ere,  50 pertsonak baino gehiagok jateko lekua dutenetan eskatu beharko dute ziurtagiria. Neurri horri eutsi nahi diote, hala ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan azken 14 egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 150 kasukoa baino handiagoa den bitartean. Gainera, establezimenduen jabeen ardura izango da bezeroek dokumentua badutela ziurtatzea. 


Osasun larrialdia ezarriko du Eusko Jaurlaritzak

Aurrekoaren batera, azken orduko berria da, baita ere, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko duela. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak helarazi berri duen ebazpenaren ondorioz, berehala zehaztuko dute larrialdia noiz eta nola ezarriko den eta, horrekin, jakinaraziko dute zein neurri murriztaile sartuko diren indarrean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!