Atzo goizaldean jo zuen goia Urumearen emariak, eta ibaia atera zen bailarako hainbat tokitan

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 00:00

Erriberako baratzak hartu zituen Urumea ibaiak, atzo goizaldean, Hernanin eta Astigarragan.

Etengabeko euri zaparraden ondorioz, urak hartu zituen Andre Gobadarien ibai parkea, erriberako baratzak, eta Landare eta Zubipe zelaiak. Atzo euri gutxiago egin zuela eta, ibaiaren mailak behera egin zuen egunean zehar.

Etengabeak izan ziren euri zaparradak Urumea bailaran, as­teburu osoan zehar. Goizueta, esaterako, euri litro gehien pilatu zituzten herrietako bat izan zen, Euskal Herri osoan. Alerta horia aktibatu zen igande gauerako, ibaien emaria oso altua zelako; eta goizalderako zegoen aurreikusita okerrena. Eta hala izan zen: goizeko 05:50etan jo zuen goia Urumea ibaiak, eta 2,032 metrora iritsi zen Ereñotzuko estazioan, alerta laranja gaindituz. Eta horrela, urak gainezka egin zuen, bailarako hainbat tokitan: Astigarragako Andre Gobadarien ibai parkean, Hernaniko eta Astigarragako erriberako baratzetan, eta Landare eta Zubipe zelaietan, besteak beste.

Euri gutxiago egin zuen atzo goizean, eta horrek lagundu zuen egoerak hobera egiten, pixkanaka. Egunak argitzerako, ibaiaren mailak behera egin zuen, eta bide horretan jarraitu zuen, arratsaldera arte. Ereñotzun, 1,647 metrokoa zen maila, 16:50etan. Arratsalde hasierako zaparradekin, berriro egin zuen gora emariak, pixka bat. Arratsaldeko 19:30etan, 1,72 metrokoa zen emaria Ereñotzun.

Ibaiaren emari altua begibistakoa zen Ereñotzun, esaterako. Auzoaren sarrerako zubian, urak hartu zituen ibai bazterreko zuhaitzak, Fagollagan bezala. Eta Ugaldetxoko eta Latseko aisialdi guneetan, ozta-ozta libratu ziren mahaiak. Errepidean, berriz, makina bat ur-jauzi sortu ziren, euri zaparraden eraginez, baina ez zuten arazo berezirik eragin. Goizuetan ere ez zuen arazo haundirik sortu urak, atzokoan. Ibaia oso altu ageri zen, eta gainezka egiteko zorian izan zen Olatxon, baina ez zen urik atera. Euriak pista batzuetan eragindako lur-jausi­ak eta eroritako zuhaitz batzuk izan ziren arazo nagusia, bertan.

Goizean ekin zien hustutze lanei berriro, Añarbek

Igande gauerako aurreikuspenak ikusita, presako «hustubide-organo guztiak erabat itxita» izan zituen Añarbek, igandeko 23:30etatik. Ibaiaren ema­riak behera egin eta «uholde-arriskua gutxitu» zenean ekin zion berriro hustuketa kontrolatuari, goizeko 11:15etan, 10 metro kubiko segunduko emariarekin. Ibaiaren maila jaitsi zen heinean, haunditu egin zuen emaria, «hurrengo prezipitazioetarako behar den babes prebentiboa sortzeko». Arratsaldeko 19:30etan, 23 metro kubiko segundukoa zen hustutze emaria.

Eguraldiaren aurreikuspenen arabera, gaurko ordu gehienetan eutsiko dio ateri Urumea  bailaran, eta zaparrada txikiak botako ditu tarteka. Hori horrela, litekeena da ibaiaren emariak behera egitea, baina da­tozen egunetan, ostegunetik aurrera bereziki, euri asko egingo duela espero da.

Erlazionatuak

Urak aterata, Urumeako hainbat tokitan

Kronika - Erredakzioa 2021 aza 29 Urumea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!