Hodei Exposito DV Torneoko finalerdietara sailkatu da

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 00:00
Apaolaza igandeko partiduan.

Jardunaldi txarra izan zuten C.D. Hernaniko pelotariek. Izan ere,  partidu batzuk bertan behera geratu ziren elurtearen eta Covid-19aren ondorioz. Guztira zortzi garaipen eta 12 porrot izan dira jardunaldi honetan txapelketa ofizial eta pribatuetan.

Emaitzarik garrantzitsuena Ekhi Oses infantilak lortu zuen, Alonsori (Lapke) 2-0 irabazita azken faseko bere lehenengo kanporaketan. Oso ondo jokatu zuen eta lurraldeko txapelketan urrutira iritsi daitekeenaren itxura eman zuen.

Halaber, garrantzitsua da Hodei Exposito seniorrak, Morgaetxeberria bizkaitarrarekin batera, 22 eta 3 irabazi izana Fernandez eta Etxeberriaren (La Rioja-Tolosa) aurka DV Torneoko final laurdenetan. Abenduaren 11n, finalerdia Eibarren jokatuko du.

Ez dira finalerdietara sartu Apaolaza-Lasa seniorrak eta Iturbe-Azpeitia kadeteak
Emaitzarik txarrenak, batez ere, bi izan ziren. Xabier Apaolaza eta Mikel Lasa seniorrek 22-5 galdu zuten Sukia eta Galdosen (Tartaloetxe) aurka Gipuzkoako txapelketaren final laurdenetan eta txapelketatik kanpo geratu dira. Bikote hernaniarrak ezer gutxi egin ahal izan zuen txapelak irabazteko bikote faboritoaren aurka, baina porrot honek ez du zikintzen senior mailako debutean biek jokatu duten txapelketa haundia.

Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia kadeteen emaitza ere txarra izan zen, 22-14 galdu baitzuten Etxabe eta Contrerasen (Ataun) aurka, finalerdietarako sailkatzeko funtsezko partiduan. Bikote hernaniarrak finalerdietan sartzea merezi zuen egindako txapelketa bikainagatik, baina azken bi jardunaldietan bere urduritasunak behera bota du egindako lana. Pena ezin izan dutela Gipuzkoako Txapelketa nahi bezala amaitu. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!