«Gure helburua da Buruntzaldeako eskualdeak gero eta Atzegizale gehiago izatea»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 30a, 00:00
Atzegiko zenbait kide, ordezkari eta Lasarteko Agustin Valdivia alkatea, asteazkeneko aurkezpenean.

Lasarten aurkeztu zuten, joan den astean, Atzegiren aurtengo sentsibilizazio-kanpaina: 'Geroz eta gehiago gara eta nonahi gaude'. Aurtengo erronkak eta helburuak zehaztu, eta 60garren urteurrenaren berri eman zuten.

Joan den astean aurkeztu zuten Lasarteko udaletxean, Atzegiko aurtengo sentsibilizazio-kanpaina: Geroz eta gehiago gara eta nonahi gaude. Ikus-entzunezkoen aretoan bildu ziren Atzegiko kideak, Atzegizaleak eta Agustin Valdivia alkatea. Azaldu zutenez, aurtengo kanpainak «balioan jarri nahi du» duela 20 urte sortutako Atzegizale figura, «funtsezkoa baita adimen desgaitasuna duten pertsonen bizitzan». Gainera, berez joan den urtean ospatzekoak baziren ere, aurten izango dute 60. urteurrenaren ospakizuna, eta horren berri ere eman zuten aurkezpenean.

Alkateak hartu zuen lehenengo hitza, eta eskerrak eman zituen gonbita jasotzeagatik. Gainera,  Atzegiren garrantzia azpimarratzeaz gain, Lasarteko Udalak elkartearen xedearekin bat egiten duela nabarmendu zuen.  Ondoren, Atzegiko ordezkariek hartu zuten erreleboa:  «1960an familia batzuek Atzegi sortu zutenetik, gure helburuetako bat gizartea positibora aldatzea izan da, eta, ordutik, adimen desgaitasuna duten pertsonak ezagutarazteko, sentsibilizazio kanpaina izan da  gure erreminta nagusietako bat. Kanpaina honek garrantzia haundia du elkartean, eta iritsi da, azkenean, kanpaina gure eskualdean aurkezteko eguna». Jakitera eman zutenez, gaur egun, Buruntzaldea Atzegin daude adimen desgaitasuna duten senideren bat duten 146 familia-bazkide. Horrez gain, 101 kolaboratzaile ere elkarteko kide dira, «ekonomikoki laguntza ematen dutenak». Eta, azkenik, 540 Atzegizale daudela adierazi zuten: «gure nahia da eskualdean gero eta gehiago izatea».  Datu orokorrei dagokienez, 2.068 familia daude elkartean, eta horien barruan daude adimen desgaitasuna duten 2.155 pertsona. Era berean, taldea osatzen dute 2.494 kolaboratzailek eta 10.544 Atzegizalek. Denera, beraz, Atzegin daude 15.913 pertsona.

 

«Agian, zu ere 'Atzegizalea' zara»

2020 urtean sortu zen Atzegizale figura, «identifikatzeko adimen desgaitasuna duten pertsonekiko jarrera positiboa erakusten duten pertsonak». Horrekin batera, azken urte hauetan guztietan Atzegizale komunitatea hazi dela azpimarratu zuten, eta jarraitzaileak «batu» dituela. Horrela, 20 urte beranduago, «Atzegik pertsona horien jarrerak adimen desgaitasuna duten pertsonen bizitzan duen eragina nabarmendu eta ezagutarazi du».

Gaia mahai gainean jartzearekin batera, nabarmendu zuten Atzegizaleak «leku askotan eta adin tarte guztietan» aurki ditzakegula. Hitz gutxitan esaterako, honelaxe definitu zuten figura hori: «desgaitasun intelektuala duten pertsonak diren bezala onartzen dituzte, ez dituzte epaitzen, haiengan sinesten dute eta gizartean parte hartzeko aukerak eskaintzen dizkiete. Keinu txikiak diruditen arren, eragin haundia dute desgaitasun intelektuala duten pertsonen bizitzan».

Horregatik guztiagatik, aipatu zuten, akaso, testu hau irakurtzen ari den beste edonor ere Atzegizalea izan daitekeela: «Atzegizale asko daude, baina oraindik ez dakite». Horren haritik, hauxe gehitu zuten: «batzuek uste dute boluntarioa izatea edo Atzegiko jardueratan parte hartzea dela, baina ez du zertan hala izan».

 

Ikus-entzunezkoa eta kartela

Kontzeptua ulertzen laguntzeko, sentsibilizazio-kanpainaren barruan hainbat material sortu dituzte. Batetik, kartela: «Atzegiko familiei eta Atzegizaleei esker, 4.000 kartel banatuko ditugu Gipuzkoa osoan barrena», jakinarazi zuten. Bestetik, animazioko pieza: «desgaitasuna duten pertsona baten egunerokotasuna eta izan ditzakeen laguntzak eta oztopoak islatzen dituen ikus-entzunezkoa sortu dugu», esan zuten bideoaren aurkezpenean. Material hori guztia Atzegiren webgunean aurki daiteke, horretarako sortutako Atzegizaleen Txokoan: www.atzegi.eus.

 

60. urteurrena, abenduan

Elkarteak iaz bete zituen 60 urte, baina ezin izan zituzten aurreikusitako ekitaldiak egin. Hori dela eta, hauxe zehaztu zuten: «60+1a ospatzea erabaki dugu, eta, aurten bai, 60 urteak behar bezala ospatuko ditugu». Abenduaren 20an jarri dute horretarako hitzordua. Donostiako Kursaalean izango da, arratsaldeko 19:00etan. «Sorpresaz eta une hunkigarriz betetako eguna izango da», aipatu zuten. Bertaratu nahi dutenek, gonbidapenak eskatzeko atzegizale@atzegi.eus helbidera idatzi dezakete edo, bestela, 943 42 39 42 telefonora deitu. «Datozen urteetarako lan-ildoak zehazteko asmoz, abian jarri genuen hausnarketa estrategikoaren ondorioak partekatzeko ere aprobetxatuko dugu».

 

«Guztiok behar ditugu garen bezala onartzen gaituzten pertsonak»

Atzegiko kideen ordezkari gisa, aurkezpenean hizlari lanetan aritu zen Aitor, liburutegiko langilea. Bere esperientziaren berri eman zuen.

Asteazkenean aurkeztutako sentsibilizazio-kanpainaren aurkezpeneko protagonistetako bat izan zen Aitor, Atzegiko kideetako bat. Lasarteko liburutegiko langilea da, eta bere jardunaren berri eman zuen prentsaurrekoan. «Lau urte daramatzat lan horretan, eta oso gustura nabil», aipatu zuen. «Egiten dudana da, besteak beste, egunkariak hartu, horiek grapatu eta kontenedore urdinean birziklatu, kaxak ordenatu, liburuak alfabetikoki antolatu, eta abar».

Aitor eta Atzegiko bozeramailea.

Horrekin batera, bere bizipenak ere partekatu zituen saioan: «lanean hasi nintzenean, jendea harritu egin zen. Hala ere, dagoeneko lau urte bete ditut eta ikusi dute gai naizela bertako langilea izateko».

Aitorrek aipatu zuenez, lanean hasi zenean, «hasieran», laguntza behar zuen. «Momentu hartan asko lagundu ninduten bertako lankideek: Izaskunek, Itsasnek, Iñakik, eta gainerako guztiek». Jasotako laguntzagatik eta babesagatik «oso eskertuta» zegoela aipatu zuen. Horri esker, gaur egun lan horiek guztiak era autonomoan egiten dituela ohartarazi zuen. «Izan ere, guztiok behar ditugu gure aldamenean garen bezala onartzen gaituzten pertsonak eta, horrez gain, behar dugun momentuetan laguntza ematen digutenak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!