Beterri-Buruntzako Mankomunitatearen estatutuak onartuta, urtarrilean eratuko da

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 29a, 00:00
EH Bilduko eskualdeko alkate eta zerrenda buruak.

Mankomunitatea «eskualde gisa garapen sozialaren eta ekonomikoaren arloan jarduteko» tresna eraginkorra izango da 10 urteko ibilbidearen ondoren. EH Bilduk beti izan du jomugan «egitura iraunkor bat sortzea».

Buruntzaldeko EH Bilduko udal taldeen alkateek eta zerrenda buruek, datorren urtarrilean eratuko den Mankomunitatea balioan jartzeko agerraldia egin zuten pasa den astean. Alkateei dagokienez, Xabier Urdangarin (Astigarraga), Agurtzane Solabarrieta (Usurbil) eta Xabier Lertxundi (Hernani); eta, zerrenda buruei dagokienez, Andoni Alvarez (Andoain), Jon Martin (Lasarte-Oria) eta Ainara De Miguel (Urnieta) egon ziren.


Buruntzaldeko udalak (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) duela hamar urte inguru hasi ziren garapen sozialaren eta ekonomikoaren arloan elkarlanean. Enpleguaren, sustapen ekonomikoaren eta tokiko garapenaren arloko hainbat proiektu eta zerbitzu eskaini dituzte geroztik, hainbat hitzarmenen bidez.


Alabaina, landutako proiektuen kopurua, tamaina eta irismena haunditu diren heinean, lankidetza hitzarmenen mugak nabarmen agertu direla aitortu zuen Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak. Gabezia horri erantzuteko, sei udalek Beterri-Buruntza Mankomunitatea sortuko dute. «Egitura iraunkor indartsu bat behar dugu eskualde gisa garapen sozialaren eta ekonomikoaren arloan jarduteko», ohartarazi zuen Lertxundik.


Irailean eskualdeko zinegotzi guztiek batzarra egin zuten Andoainen, mankomunitate berriaren estatutuak onartzeko. Sei udaletako osoko bilkurek estatutuak onartu ostean, Beterri-Buruntza Mankomunitatea urtarrilean eratuko da.


Lertxundik gogorarazi zuenez, «sei udalerri gara, hiru haundiagoak (Andoain, Hernani eta Lasarte-Oria) eta beste hiru txikiagoak (Astigarraga, Urnieta eta Usurbil). Haundi zein txiki, elkarren beharra dugu bakarka landu ezin ditugun esparruak elkarrekin lantzeko».


Hernaniko alkatearen esanetan, «eskualdean ia 75.000 pertsona bizi gara, formakuntza zentro garrantzitsuak ditugu, 6.000 enpresa inguru… Ekosistema sozial eta ekonomiko aberatsa dugu, ekimen haundikoa, epe labur, erdi eta luzera erronka haundiak dituena: enplegu inklusiboa, trantsizio energetikoa...».

EH Bilduren konpromisoa
«Erronka horiei erantzuteko Mankomunitate indartsu bat nahi dugu, eskualdeko eragileak era egokian artikulatu ahal izateko. Beraz, Mankomunitate proaktibo bat nahi eta behar dugu, ekimen haundikoa, erronkak mahai gainean jarri eta behar diren baliabideak jarriko dituena», nabarmendu zuen Lertxundik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!