Rallyetan debuta eta garaipena, Alain Agirre kopiloto hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 27a, 00:00

Alain Agirre hernaniarra eta Mattin Villares urdazubitarra, Garesko proban.

Garesen aritu zen, aurreko larunbatean, Mattin Villares pilotoarekin; eta txapeldun izan ziren.

Aurreko larunbatean egin zuen debuta Alain Agirre hernaniarrak, rallyetako kopiloto bezala; eta ezin hobeto hasi zuen bere ibilbidea: Garesko Rallysprinta irabazi zuen, Mattin Villa­res Urdazubiko pilotoarekin batera, Renault Clio Maxi kotxearekin.

Izatez, Jon Zozaia goizuetarra da Villaresen kopilotoa, baina Agirreri utzi zion eskuineko eserlekua, proba honetarako.

Zazpigarren edizioa zuen Ga­resko pro­bak, eta Nafarroako Rally Txapelketarako puntuagarria zen. 15 kilometroko zirkuitua hiru aldiz osatu behar izan zuten partehartzaileek, eta hiru txandetan markatu zuten denbora onena Agirrek eta Villaresek. Buelta guztiak batuta, 23 minutu eta 32 segunduko denbora lortu zuten. 10 segunduren aldea izan zuten bigarren sailkatuekin, Aitor Aristregui eta Mikel Izcorekin; eta 31 segundukoa hirugarren izan zirenekin, Iñaki Zozaya eta Xabier Anduezarekin. Guztira, 38 kotxek hartu zuten parte Garesen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!