Goi-mailako partidua izango da bihar Zubipen: Eibar liderraren bisita jasoko dute berdeek

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 27a, 00:00
Hernaniko Amaia Lasa, aurreko partidu batean.

Hiru puntuak eskuratu eta lidertzara gerturatu nahi du Hernanik, nesken Ohorezko Erregional Mailan. 16:30etan hasiko da lehia. Etxean ariko dira Mundarroko neskak zein mutilak, Erregional Preferenteetan. Hernaniko mutilak, kanpoan.

Aurreko asteburuan atseden har­tu ondoren, goi-mailako partidu batekin bueltatuko da Hernani lehiara, nesken Ohorezko Erregional Mailan: Eibar liderra hartuko dute berdeek Zubipen, bihar arratsaldeko 16:30etan.

Partidurik galdu gabe dago talde eibartarra, eta hori aldatzea dute helburu hernaniarrek, biharkoan: hiru puntuak eskuratu, eta lidertzara gerturatu nahi dute. Izan ere, lau puntura daude une honetan, sailkapeneko hirugarren postuan.

Osteguneko euriteak zalantzan jarri zituen, asteburuan Zubipen jokatzekoak ziren partiduak. Urak hartu zuen zelaia, eta txukuntzeko lanetan eman zuten atzoko eguna, taldeko arduradunek. Horrekin, lortu zuten asteburuko partiduak bere horretan mantendu ahal izatea, eta baita atzoko entrenamenduak ere, atzo eguerdian taldeak berak jakinarazi zuenez. Beraz, ezustekorik edo bestelako arazorik ez bada, jokatu egingo dira, Zubipen bertan, gaur eta bihar etxean aritzea dagokien talde berdeen partidu guztiak.

Mundarroko bi talde nagusiak, Zarkumendegin

Etxean jokatuko dute Mundarroko bi talde nagusiek ere, Erregional Preferenteetan. Neskek Intxaurdiren bisita jasoko dute Zarkumendegin, gaur eguer­diko 12:30etan. Orain arte, puntu bakarra lortu du talde donostiarrak, eta azkeneko postuan dago sailkapenean. Beraz, irabazteko moduko partidua izan­go dute astigartarrek, goiko postuetara gerturatzen jarraitzeko: bosgarren daude sailkapenean, baina oso gertu daukate bigarrena ere, hiru puntura.

Talde moreko mutilek, berriz, kontrario zuzen bat izango dute aurrez aurre: Usurbil hartuko dute Zarkumendegin, gaur arratsaldezko 15:30etan. 10 partidu jokatuta, puntu bakarreko aldea dago bi taldeen artean: 14 punturekin bosgarren dago Usurbil, eta 13 punturekin seigarren Mundarro.

Hernaniko mutilen taldea, Añorgan bihar arratsaldean

Asteburuan etxetik kanpo ariko dena, Hernaniko mutilen talde nagusia izango da. Añorgara joango da Ohorezko Erregional Mailako taldea, bihar, arratsaldeko 17:00etan Añorgaren kontra jokatzeko. Aurreko astean Ordiziarekin berdindu ondoren, puntuak hirunaka pilatzen hasi nahi dute berdeek berriro, sailkapenean beherago dagoen talde baten kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!