Autokritika erotikoa

Kronika - Erredakzioa 2021eko azaroaren 27a

COLLAGE IRUDIA: Begirada kritikoa

Gure buruari gauza itsusiak esan ohi dizkiogu: «potoloegi nago», «azkarregi korritzen naiz», «ez naiz erakargarria», «gehiegi hitz egiten dut», «ipurdi handiegia dut», «hanka motzegiak ditut», «lotsatiegia naiz», «ez nau inork maitatuko»...

Horrelako mezuak maiz entzuten ditugu gure buruan eta egunean askotan ager daitezke. Mailukadak bezala, gure segurtasuna, autoestimua eta ligatzeko, gozamenerako edota orgasmorako gaitasunak urratzen dituzte.

Egoera erotiko partekatuetan, hau da, konpainian gaudenean ere, kanpoko epaile bat gurekin batera etorri izan balitz bezala senti gaitezke. Epaileak guri buruzko gauza politak esango balitu zoragarria litzateke. Gure gorputza, bizipenak eta maitatzeko moduak txalotu ezkero, gustura ibil gintezke larrutan. Baina askotan, epaile ziztrin horrek, akatsak azpimarratzen dizkigu, ezgai sentitzen garen horri begira jartzen da eta eskas sentitzen ditugun trebetasunak seinalatzen dizkigu. Txalorik ez. Animorik ez. Zorionik ez. Esaten digun guztia negatiboa da.

Horrelakoetan, eskura ditugun baliabideak jartzen ditugu martxan. Feedback positiboa lortzeko eskean ibiltzen gara gure ingurukoen artean. Esate baterako, gutaz zerbait negatiboa esaten dugu, lagunek kontrakoa dela aldarrikatuko dutenaren itxaropenarekin.

Gaiaren inguruko mezu positiboak ere biltzeko joera dugu, esate baterako, ispiluaren aurrean mantra edo esaldi “happy” positibo bat errepikatuz. Gure burua konbentzitzen saiatu, beste batzuek akats hori ere badutela edo gurea baino okerragoa dela argudiatuz... Baina sakonean, tristura senti dezakegu. Amorrua. Inbidia. Ezgaitasuna. Beldurra. Etsipena. Emozio txar desberdinen koktel bat ere bai.

Lurralde malkartsu honetan gabiltzanean, eta hain juxtu erotismoa eta gure sentimenduen munduan biraka gabiltzanean, orduan eta zailagoa izaten da, zama hau arintzea. Intimitateari dagokion eremua izanik, konfiantzazkoekin partekatzeko zailtasunak izaten ditugu eta gainera, behin kontatuta, biluzik senti gaitezke, botererik gabe, gure indarra galdu izan bagenu bezala. Beste batzuetan, alibioa oso momentukoa da eta laster iristen dira mamuak bueltan.

Baina, jakin, mamu hauek uxatzeko teknika eraginko­rrak badaudela. Nondik da­to­zen ulertzea da lehen urra­tsa. Ahots horiek isilarazteko prozesuak eginez, plano erotiko zein sentimentalean, arintasuna eta asebetetasuna lortzeko aukera asko sortzen dira. Eska ezazu laguntza profesionala bizipen horiek arintzeko. Ez zaitez bizi zama horrekin!!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!