«Urumea gainean jarritako kableak arriskutsuak dira hegaztientzako»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 26a, 11:23

Eguzki Talde Ekologistak salatu du Eguberrietako argiak jartzeko kableek kaltea eragiten dutela

Eguzki Talde Ekologistak salatu du Urumea ibaiaren gainean jarritako kableak «arriskutsuak» direla hegaztientzako; eta, horrekin batera, «talka-arriskua saihesteko», kableak seinalizatzeko eskaera egin dio Udalari. «Obretako kableetan sarri egiten den praktika da eta zenbait hegaztiri bizitza salba diezaioke».  
Eguzkik aipatu du Gabonetako argiak jartzearekin lotuta dagoela kableen kontua. «Azken egunotan, eguberrietako argiak direla eta, Urumea aldez alde zeharkatzen duten dozena bat kable jarri dute Maria Kristina eta Santa Katalina zubien artean. Kableok behar bezala nabarmenduta ez daudenez, hegaztiek talka egin dezakete horien kontra». 

Fauna babesteko mezua
Talde Ekologistak egoera salatu eta esku-hartzea beharrezkoa dela adierazi du. «Kontuan izan errioaren zati horretan ubarroiak, ahateak, hainbat espezietako kaioak, harri-iraulariak, txirriak eta lertxuntxoak ibili ohi direla. Adibide gisa, orain dela bi urte martin arrantzale batek talka egin zuen Lehendakari Agirre zubiko kristalaren kontra, kristala behar bezala nabarmenduta ez zegoelako». 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!