Euriak ez zuen etenik izan atzokoan, eta kalteak eragin zituen bailaran

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 26a, 00:00

Trafiko mozketak, lur-jausiak eta uholdeak izan ziren, besteak beste, atzoko euritearen ondorioak.

Euriak esnatu zituen atzo, goize­an goiz, Urumea bailarako herritarrak. Zaparradek ez zuten etenik izan egun osoan, eta ondorioak agerikoak izan ziren hainbat tokitan. Besteak beste, Zikuñagako errepidean lur-jausia izan zen goizean, urez bete ziren Landareko eta Zubipeko zelaiak, eta trafiko mozketak eta auto-ilarak izan ziren. Prezipitazio iraunkorrak zirela eta, abisu horia izan zen egun guztian.

Haserrea piztu zen Landaren eta Zubipen

Añarbek jakitera eman zuenez, asteazkenean, 68,5 litro metro ka­rratuko  prezipitazioak erregis­tratu ziren presan. Egoera ikusita, bertako arduradunek erabaki zuten presako prebentziozko hustuketa asteazkenean bertan hastea, arratsaldeko 15:00etan. «Horri esker, ia 9 milioi metro kubikoko babesa lortu da (urtegiaren edukiera osoaren laurdena) eta bost puntuko jaitsiera», aipatu zuen Añarbek. Hala ere, Zubipeko eta Landareko arduradunen esanetan, «hustuketa horri lehenago ekin behar zioten, orain zelaian dugun egoera saihesteko. Hemen, denera, mila pertsonak erabiltzen ditute instalazioak kirola egiteko, eta, orain, uholdeen ondorioz, ezin izango dute entrenatu».


Landaren eta Zubipen bezala, begibistakoa izan zen Urumea ibaiaren emariaren hazkundea, bailarako beste hainbat tokitan. Astigarragan, esaterako, urak hartu zuen Andre Gobadarien ibai parkearen bazterra, eta AHTaren obretara ere iritsi zen uholdea, bere urak Urumeara isuri ezinik zegoelako ondoko errekastoa. Erriberako hainbat baratza ere urak hartuta ageri ziren atzo goizetik, Ergobin, Karabelen eta Portun, esaterako.

Prezipitazioak gutxitu egingo dira gaur, baina datozen egunetan okerrera egingo du berriro.

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!