«Erreskatea jaso ez dugunok ere sufritu dugu COVID-19a»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 25a, 16:21

TOKIKOMek salatu du, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza horietatik kanpo utzi dituela tokiko hedabideak, beraiek ere pandemiaren eragina sufritu duten arren. Horien artean dago Kronika.

Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko, dirulaguntzak emango dizkie Eusko Jaurlaritzak, zenbait hedabideri: El Correo (1,6 milioi euro), El Diario Vasco (747.535 euro), Deia (558.126 euro), Gara (305.580 euro), Berria (290.427 euro), Noticias de Gipuzkoa (171.731 euro) eta Noticias de Alava (113.645 euro) egunkariek; eta Cadena Ser (520.244 euro), Nervion irratia (224.765 euro), Cope (174.256 euro), Onda Cero (123.747 euro), Onda Vasca (73.238 euro), Herri Irratia (25.254 euro), Radio 7 (22.729 euro) eta Bizkaia irratia (40.000 euro) irratiek.

Laguntza horietatik kanpo utzi ditu Eusko Jaurlaritzak, besteak beste, tokiko hedabideak, tartean Kronika. Eta horren aurrean, TOKIKOMek salatu du, tokikoek ere sufritu dutela Covid-19a, baina ez dutela erreskaterik jaso Jaurlaritzaren eskutik. Prentsa ohar baten bitartez eman du horren berri:

«Eusko Jaurlaritzak erabaki du hedabide batzuei laguntzea COVID-19ak eragindako galerak apaltzeko, 5 milioi eurorekin. Albisteak egoneza sortu du, inon ez baita azaldu zeren arabera eman zaizkien laguntza horiek hedabide batzuei, eta beste batzuei ez. TOKIKOMen Administrazio Kontseilutik galdegin diogu Jaurlaritzari ea asmorik duen gainontzekook ere laguntzeko, eta erantzun horren zain gaude. Erantzuna jaso bitartean, ohar hau argitaratzea erabaki dugu.

Dirulaguntzak hedabideei emateak hizkuntza politika gainditzen du eta ondo irizten diogu, edozein enpresa edo sektore moduan behar baitu laguntza hedabideen sektoreak eta horrela jokatzen da munduko hainbat herrialdetan. Hedabideen kasuan, gainera, behar dira editorial ezberdinak dituzten hedabideak, behar ditu demokrazia sano batek. Edozein industria arlo moduan hedabideena ere lagundu izana albiste ona da eta horretan sakontzeko deia egiten diogu Eusko Jaurlaritzari. 

Hala ere, momentuz, COVID-19aren garaian, hedabide batzuen galerak estaltzeko jarri da dirua, eta, bistakoa da demokrazia sendo batek eskatzen duela hedabide guzti-guztiak laguntzea. Arrazoia oso argia da: COVID-19ak hedabide guztioi eragin digu. Datu horien berri badu Eusko Jaurlaritzak.

TOKIKOM osatzen dugun hedabideon kasuan, zailena zen momentuan ere mezu instituzionalak, osasunekoak eta oinarrizko beharrei lotuak zabaldu ditugu kazetaritza egin eta zerbitzua emanez. Biak ala biak ziren garrantzitsuak, 200 profesional baino gehiagok eman zuten komeni zen zerbitzu esentzial hori eta irismena handia izan da, trafikoa ia bikoiztu eta 2.314.268 bisita jasotzeraino Tokikomeko hedabide digitaletan, esaterako. 

Eman eta hartu. Herritarrek eskertu dute tokikoetan egindako lana eta datuak dira horren adierazgarri; erakundeek ez zuten berdina pentsatu, antza, pandemian egindako kanpainak eta publizitatea ia osotasunean hedabide jakin batzuetara bideratu zutelako. Hala ere, espero dugu publizitatearekin ez bezela, laguntza puntual hauekin hedabideek pandemia honetan egindako lana aitortuko dela. Horixe da idatzi honen helburua: eskatzen dugu 5 milioi bideratu dutenekin mahai batean jartzea, jaso ez dutenendako zer pentsatu den hitz egitea eta proposamen bat lantzea. Azkenik, baldintza berberetan dirulaguntza puntual bat adostea.

COVID-19a ez dute sufritu dirua jaso dutenek bakarrik; latza izan da kazetaritza egitea egun horietan eta egindako esfortzua aitortzea litzateke laguntza jaso ez dutenekin elkartu eta gaia lantzea. Hasieran esan dugunez, beraz, albiste ona da Eusko Jaurlaritzak hedabideen sektorea industria moduan kontuan hartu eta harentzako ere COVID-19 laguntza bereziak sortu izana. Eseri gaitezen mahai baten bueltan eta adostu ditzagun sektore osoarentzako babesaren nondik norakoak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!