Covidaren ondoriei aurre egiteko laguntzak «gainerako euskerazko komunikabideei» zabaltzea eskatu dio Hekimenek Jaurlaritzari

Pandemiak eragindako kalteak arintzeko, zenbait komunikabideri emango die laguntza Eusko Jaurlaritzak. Hekimen Euskarazko Hedabideen Elkarteak nabarmendu du, «komunikabide guztion biziraupena zaildu» duela Covid-19ak, «ez bakar batzuena soilik». 

Covid-19ak eragindako kalteak arintzeko asmoz, dirulaguntzak emango dizkie Eusko Jaurlaritzak, zenbait hedabideri: El Correo (1,6 milioi euro), El Diario Vasco (747.535 euro), Deia (558.126 euro), Gara (305.580 euro), Berria (290.427 euro), Noticias de Gipuzkoa (171.731 euro) eta Noticias de Alava (113.645 euro) egunkariek; eta Cadena Ser (520.244 euro), Nervion irratia (224.765 euro), Cope (174.256 euro), Onda Cero (123.747 euro), Onda Vasca (73.238 euro), Herri Irratia (25.254 euro), Radio 7 (22.729 euro) eta Bizkaia irratia (40.000 euro) irratiek.

Baina laguntza horiek, euskerazko gainerako komunikabideei zabaltzea eskatu du Hekimenek, Euskarazko Hedabideen Elkarteak, prentsa ohar baten bitartez. Hona hemen prentsa oharra osorik:

«Covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioak latzak izaten ari dira komunikabideen eremuan eta, noski, baita euskarazko hedabideen kasuan ere. Pandemia hasieran egin genuen azterlanak argi erakutsi zuen, besteak beste, publizitatean jaitsiera nabarmena jasaten ari garela edota harpidetzetan ere murrizketa gertatzen ari dela. Eta horri guztiari pandemia zeharka eragiten ari den bestelako ondorioak ere gehitu behar zaizkio (paperaren, argindarraren edota erregaien garestiztea). Diru-sarrerak murrizten ari diren bitartean, gastuak handitzen ari dira eta horrek asko zailtzen du komunikabideen biziraupena. Hori da komunikabideen egoera, baina guztiona, ez bakar batzuena soilik. Ondorioz, ez da ulertzen Jaurlaritzak laguntza hauek komunikabide jakin batzuetara soilik bideratzea. Are gehiago, bere garaian, azterlanaren emaitzekin batera, euskarazko komunikabideetan pandemiaren ondorioak leuntzeko neurriak ere eskatu genituenean.

Are gehiago, ez da ulertzen diru-banaketa horretan, euskarazko komunikabideek %6,6 bakarrik jasotzea. Euskararen normalizazioaren ikuspegitik euskarazko komunikabideen lana ezinbestekoa den heinean, ezin dira Covid-19ak eragindako ondorioen aurrean babesik gabe utzi, txertatu gabe utzi. Izan ere, hori Covid-19aren aurkako txertoa hautatutako batzuei soilik jartzearen parekoa litzateke. Ulergaitza egiten da aldizkari orokorrak, tokiko hedabideak, espezializatuak, herritelebistak… babes neurri horretatik kanpo uztea. Zer herri-eredu du buruan Eusko Jaurlaritzak dirua horrela banatzen duenean? Zer iritzi du ekosistema mediatikoari buruz?

Pandemiak hedabide guztiak jo ditu gogor, baina egitasmo txikiak dira ondorioak gehien jasan dituztenak, izan ere, txikiak dira bestelako diru sarreretara heltzeko arazo gehien dituztenak (publizitatea, publizitate instituzionala, dirulaguntza bereziak...). Komunikabide askorentzako egoera kritikoa da eta hainbat egitasmoren biziraupena jokoan dago. Txertoekin bezala, lehentasuna zahurgarrienek izan beharko lukete. Zergatik lagundu handienak bakarrik, irismen-datuetan oinarrituta? Zer komunikazio ekosistema sustatu nahi du Eusko Jaurlaritzak?

Euskarazko komunikabideek pandemia garaian ahalegin berezia egin dute, ez bakarrik informaziogaitasunari eusteko, baizik eta gaitasun hori indartzeko. Ahalegin berezia, bakoitzak bere esparruan pandemiak eskatzen zuen neurrian erantzuteko. Eta herritarrek ahalegin hori eskertu dute. Ikusi besterik ez dago pandemia garaian nola handitu den euskarazko komunikabideen kontsumo digitala. Horrelako laguntza puntualek edota berrikuntzari lotutako inbertsioek euskarazko komunikabideak kontuan hartzen ez badituzte, zaila izango da aurrera egitea.

Honegatik guztiagatik, Hekimen elkartetik Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Covid-ak eragindako kalteak arintzeko helburuz onartutako laguntza hauek euskarazko gainerako komunikabideei ere zabaltzea».

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikalari gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez Kronikalari!