«Borrokan jarraituko dugu espazio seguruen eta askeen alde; denok aske izan arte»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 25a, 00:00
Jone Arrazola Maiztegi eta Garazi Etxarri Carrasco.

Azaroaren 25a da gaur: Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Urumea bailara morez jantziko da, eta hainbat manifestazio izango dira goizean zein arratsaldean. Kronikak Jone Arrazola eta Garazi Etxarrirekin hitz egin du, egun honen bueltako aldarrien berri izateko.

Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da gaur. Horren haritik, agertoki iluna argitzeko, egungo egoera lau haizetara zabaltzeko, biktimei babesa adierazteko eta aski dela argi uzteko, hainbat manifestazio antolatu dituzte bailarako taldeek eta elkarteek.

Aldarrikapenerako egun honen bueltan, Kronikak hitz egin du Jone Arrazola Maiztegi Kulturarteko Plaza Feministako koordinatzailearekin eta Garazi Etxarri Carrasco Koordinadora Feministako kidearekin.

 

Egunero entzuten ditugu indarkeria matxistaren bueltako albisteak. Kasuek gora egin al dute azkenaldian?

Zaila da esatea gora egin duten ala ez. Kasuek gora edo behera egiten dutela esaten dugu zenbait datu eskuartean ditugunean; baina, kontua da, datu horien bilketak muga andana dituela. Izan ere, legearen aurrean kasu batzuk ez dira indarkeria matxista, eta salatu gabe edo publiko egin gabe beste hainbat indarkeria egoera izaten dira egunerokoan. Hortaz, bai, posible da kasuek gora egin izana eta baita salaketa publiko gehiago egin izana ere.

 

Nola identifikatzen dira kasuak?

Ez da erraza izaten. Maiz, gure inguruan ditugu indarkeria egoerak eta ez gara jabetzen edo kosta egiten zaigu zenbait egoera problematizatzea. Hala ere, modu batera edo bestera, indarkeria egoera bizitzen ari diren emakumeek laguntza eskatzen dute. Zenbaitetan, ongi ez daudela adierazi ohi dute eta horren atzean zer dagoen pixkanaka asmatu behar da; bidelaguna izan eta bakoitzaren denborak errespetatu. Beste askok, ordea, gertatzen zaienari zuzenean hitzak jartzen dizkiote.

 

Hemen, herrian, nora jo daiteke?

Herrian, Kulturarteko Plaza Feministara jo daiteke; hemen, arreta emango zaio etortzen denari eta, ondoren, egoki ikusten den beste zenbait baliabide edo zerbitzu eskainiko zaizkio. Bestalde, Zerbitzu Sozialetara joateko aukera ere badago, aurrez hitzordua eskatuta.

 

Nola kudeatzen dira horrelako egoerak?

Lehenengo premisa garrantzitsuena indarkeria jasan duen emakumearen nahia eta erritmoa kontuan izatea da. Baina, oro har, kudeaketa ez da erraza eta ez dago formula magikorik. Ideala litzake komunitate osoarekin lana egitea, ez soilik erasoa edo indarkeria jasan duen emakumearekin. Hori bai, horrelako egoerak prozesu bezala irudikatu behar ditugu.

 

Kudeaketan hutsuneak daudela uste al duzue?

Legeek eta administrazioak muga pila dituzte. Maiz, indarkeria prozesua berbizitzera kondenatzen dute emakumea. Indarkeria egoeratik ateratzen lagundu baino, oztopatu egiten dute. Zentzu horretan, lan haundia dago egiteko.

 

Zeintzuk dira eman beharreko pausoak?

Izatez, lehen pausua indarkeria jasan duen emakumeari entzutea eta berarekin egotea da. Horren ostean, dauden aukerak aztertu behar dira eta erabaki bat hartu baino lehen, garrantzitsua da emakumeak ulertzea erabaki horrek zer ekarriko duen; alegia, informazio osoa izatea. Ez dago bide bakarra ezta biderik onena ere. Kasu eta momentu bakoitzean askotariko bideak daude. Argi dagoena da, maiz, baliabideak falta zaizkigula eta egoera batzuk kudeatzeko oso zailak direla.

 

Beraz, bide luzea dago egiteko oraindik. Gaur, zergatik atera beharko genuke kalera?

Kalera atera behar gara indarkeria matxista hitzaren atzean dauden egoera eta bizipenak ikusgarri egiteko. Nazkatuta gaudela adierazteko. Gure buruak eta ingurua interpelatu behar ditugu. Indarkeria matxistak milaka aurpegi ditu. Eta, gainera, aurre egiteko gako asko gure esku ere badaude.

 

Zein da mezua edo aldarria?

Horrelakoetan zaila izaten da mezu bat eta bakarra adostea. Mezu anitz izango ditugu manifestazioan zehar eta antolatutako ekimenetan. Nolanahi ere, aurtengo manifestaldiaren mezu nagusia hauxe izango da: borrokan espazio seguru eta askeen alde!

Hori da, hain justu, egingo duguna: borrokan jarraituko dugu denok aske izan arte.

 

AZAROAK 25

 

ARANO

18:30 Kalejira herritik.

ASTIGARRAGA

12:15 Kontzentrazioa, udaletxe aurrean.

19:00 Kontzentrazioa, Joseba Barandiaran plazan.

19:00 Manifestazio isila, Joseba Barandiaran plazatik abiatuta.

GOIZUETA

19:00 Kontzentrazioa.

HERNANI

19:00 Manifestazioa,
Plaza Berritik abiatuta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!