Asteburu gogorra izan dute bailarako palistek, jokatutako finala eta bi semifinalak galduta

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 23a, 00:00
Irazustabarrena, Arrieta, Galdos eta Mendizabal, finalaren ondoren, sariekin.

Irazustabarrenak eta Arrietak 27-30 galdu zuten finala, Su Berriren kontra. Urienek eta Balerdik porrota jaso zuten semifinalean, eta Urdangarin eta Zubiarrain ere finaletik kanpo geratu dira, semifinaletako bueltakoa irabazi arren.

Hiru partidu oso garrantzitsu jokatu dituzte bailarako palistek, Gipuzkoako Txapelketan, joan den asteburuan; eta ez dute nahi bezalako emaitzarik lortu, bakar batean ere.

Finala zeukaten Amaia Irazustabarrena eta Ariane Arrieta hernaniarrek, igandean Hernanin, neska nagusien lehenengo mailan. Eta 27-30 galdu zuten, Su Berriko Leire Galdosen eta Maider Mendizabalen kontra. Frontoian izugarrizko giroa zegoela, Su Berrikoen sendotasunari eutsi ezinik aritu ziren hernaniarrak, uneoro markagailuan atzetik. 26na berdintzea lortu zuten, baina gehiago izan ziren kontrarioak, azkeneko zatian. Mendizabal nagusi izan zen atzean, eta aukera gutxi izan zituzten hernaniarrek, tantoak bukatzeko. Edonola ere, tanto ikusgarriak lortu zituzten bi aurrelariek.

Lan haundia izan zuen Ariane Arrietak atzean, Maider Mendizabalen kontra.


Hernanin bertan, baina larunbatean, semifinala zeu­katen Ainhoa Urienek eta Ekhine Balerdik, nagusien bi­ga­­rren mailan; eta 14-30 galdu zuten, Ataungo Amaia Lopezen eta Na­­iara Aldasororen kontra. Ataun­dik eto­rritako makina bat zaleren burrunbak urduri jarri zituen hernaniarrak: ez ziren fin aritu hasieran, eta akats asko egin zituzten. Horrela, alde haundia lortu zuten kontrarioek, eta ezin izan zioten buelta eman.

Eta semifinaletan aritu dira Ganix Urdangarin eta Beñat Zubiarrain astigartarrak ere, mutilen hirugarren mailan. Joanekoa Orion 25-21 galdu ondoren, bueltakoa jokatu zuten ostiralean, Txomiñenen: 25-24 irabazi zuten, Orioko Lizasoren eta Aldalurren kontra; baina tantoen kontaketak, oriotarrei eman die txartela, eta finaletik kanpo geratu dira astigartarrak. Edonola ere, bigarren mailara igoera ziurtatuta zeukaten aurretik.

Taldekideen animorik ez zuten falta izan Arianek eta Amaiak, igandeko finalean. 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!