Garaipen ezin estuagoa, Hernanik

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 23a, 00:00
Hernaniko Lujambio, pase bila.

52-50 nagusitu zen Askatuaken kontra, mutilen Gipuzkoako 1go mailan. Porrota jaso zuen Mundarrok, Bosteko Iraulirekin.


Zortzigarren jardunaldiko partiduak jokatu dituzte asteburuan, Mundarrok eta Hernanik, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan. Eta gozotik bezala, gazitik ere izan zuen larunbatak, bailarako bi taldeentzat: garaipena lortu zuen Hernanik, baina porrota jaso zuen Mundarrok.

Etxeko talde gisa aritu arren, Donostiako Paco Yoldi kiroldegian jokatu zuten hernaniarrek, Askatuak taldearen kontra. Beheko postuetatik ihes egiteko, irabazi beharreko partidua zuten; eta primeran ekin zioten: 19-11 aurreratu ziren lehenengo laurdenean, eta tartea pixka bat haunditu zuten atsedenaldira iristerako (29-19). Bereziki fin aritu zen Berrondo, bi laurdenetan 13 puntu lortuta (19 punturekin bukatu zuen partidua).

Aldeari eutsi zioten hernaniarrek, hirugarren laurdenean ere (43-34), eta bazirudien garaipen erosoa lortuko zutela; baina oso bestelakoa izan zen azkeneko laurdena. Orduan erakutsi zu­­ten bere maila onena donostia­rrek, eta nahi eta kosta egin zitzaien hernaniarrei. Erabat ber­­­dindu zen markagailua, eta To­rresen azkeneko saskiratzeak erabaki zuen partidua, Hernaniren alde (52-50).

Kontrakoa gertatu zitzaion Mundarrori, Astigarragako kirol­degian, Bosteko Irauliren kontra. Berdinduta hasi zuten partidua (16-16), baina tartetxoa lortu zuten donostiarrek, atsedenaldira iritsi aurretik (34-40). Aldageletatik bueltan, hobeto aritu ziren astigartarrak, eta lortu zuten partidua berriro orekatzea (52-53). Baina azkeneko laurdenean, 53na berdindu ondoren, ezinean aritu ziren astigartarrak erasoan; eta 0-9ko partzialarekin, partidua ia erabakita utzi zuten donostiarrek. Egoerari buelta ematen sa­iatu zen Mundarro, bai­na, gerturatu arren, ez zuen au­kerarik izan (62-67).

Emaitza horiekin, lau garaipenekin berdinduta daude Mundarro eta Hernani, ligan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!